Alavesek 1-2 galdu du gaur Sevillaren aurka Mendizorrotzan. Arabarrek partida kaskarra egin dute, eta ezin izan diote San Mameseko garaipenari segida eman. Espainiako taldeak aukera garbiagoak izan ditu, eta etxekoek ezin izan dute emaitza irauli.
Bi taldeek intentsitate handiz hasi dute neurketa, baina aukerak Sevillak izan ditu. Siverak Alfonen jaurtiketa geratu du Sevillako jokalaria bakarrik zela, eta bi minutura Vargasek area kanpotik sartu du lehen gola, baloia zelai erdian berreskuratu ondoren. Hamargarren minutua zen.
Baina Sevillari oso gutxi iraun dio pozak. Lehenbizi, Alfonek min hartu du, eta zelaia utzi behar izan du. Hori aski ez, eta Marcaok baloia gaizki neurtu du, eta penaltia egin dio Carlos Vicenteri. Vicentek berak sartu du penaltia. Zazpi minutuan lortu du Alavesek berdintzea.
Golaren ostean, Alaves partidaren kontrola hartzen saiatu da, baina ez du lortu. Ez du baloia denbora luzez izan, eta askotan galdu du. Sevilla kontraerasoan saiatu da, baina kanpokoek ez dute aukera handirik izan. Vargasi beste gol bat baliogabetu diote.
Bigarren zatian, Sevilla hobeto zelairatu da. Hasieratik hobeto aritu da, eta 57. minutuan Carmonak etxekoen bizkarra hartu du, eta bere jaurtiketa Siverak geratu du. Coudetek 4-4-2ra mugitu du taldea aldaketekin, baina 67. minutuan Sevillako eskuin albokoa berriro sartu da Alavesen areara, eta bere erdiraketa Alexis Sanchezek sareratu du.
Bigarren gola jaso eta gero, Alavesek pauso bat aurrera eman du, baina ez du aukera garbirik sortu. Tenaglia eta Toni Martinez area kanpotik saiatu dira, baina alferrik. Baloi geldian ere saiatu da Alaves, baina ondo defendatu du bere atea Sevillak, eta hiru puntu garrantzitsu eraman ditu.
ALAVES-SEVILLA
Alaves. Sivera; Jonny Otto, Tenaglia, Garces, Diarra (Yussef, 72. min.); Blanco, Denis Suarez (Rebbach, 72. min.); Carlos Vicente, Aleña (Pablo Ibañez, 59 .min.), Guridi (Toni Martinez, 59. min.); eta Lucas Boye (Mariano, 72. min.).
Sevilla. Odysseas; Azpilikueta, Nianzou (Gudelj, 75. min.), Marcao, Carmona (Juanlu, 86. min.); Agoume, Mendy; Suazo, Vargas (Akor, 75. min.), Alfon (Alexis, 14. min.); eta Isaac (Peque, 86. min.).
Golak. 0-1: Vargasek (10. min.). 1-1: Carlos Vicentek, penaltiz (17. min.). 1-2: Alexisek (67. min.).
REALAK IRABAZI EGIN DU; ATHLETICEK, BERDINDU; ETA EIBARREK, GALDU
Espainiako Lehen Mailako hiru euskal taldeek denetarik egin dute gaur. Realak hirugarrenez jarraian irabazi du: 2-1 nagusitu zaio Levanteri Zubietan. Nerea Eizagirrek sartu ditu txuri-urdinen golak, 16. eta 81. minutuetan. Tartean, gola sartu du Levantek.
Athleticek, berriz, berdindu egin du Espanyolen zelaian, gol bakarra sartuta. Zuri-gorriek jokalari bat gutxiago izanda jokatu dute 30. minututik aurrera, epaileak Bibiane Schulze kanporatu baitu. Jokaldi berean penaltiz sartu du gola Espanyolek. Hala ere, Athletic gai izan da martxari eusteko, eta Jone Amezagak berdindu egin du 73. minutuan.
Eibarrek, aldiz, 3-1 galdu du Granadaren aurka. Eibartarrak aurretik jarri dira etxekoek haien atean gola sartu eta gero, baina, bigarren zatian, Granadak hiru gol egin ditu.