Ez da ezustekorik izan gaur Espainiako Kopan. Alavesek Portugalete kanporatu du (0-3), eta Osasunak Ebro (3-5). Gorritxoek, hala ere, markagailua irauli behar izan dute, eta uste baino gehiago sufritu dute. Partida amaiera zoroa izan da: 78. minutuan sartu dute nafarrek 1-2koa, eta beste bost gol egon dira azken minutuetan (2-2; 2-3; 2-4; 3-4; 3-5). Arnasa hartu dute epaileak azken txistua jo duenean. Ez da halako tentsiorik izan derbian, baina bai giro ona.
Gogoz zelairatu dira jokalariak Florida estadiora. Lehen minutuan aukera izan du Portugaletek, baina huts egin dute, eta hirugarren minutuan erantzun du Alavesek, irmo. Carlos Vicentek jaurtiketa indartsua egin du atera, eta ezin izan du ezer egin atezainak. Ezustekoa emateko ametsa zuten etxekoek, baina maldan gora jarri zaie kanporaketa hasi eta segituan. Hala ere, ez dute burua makurtu; kontrara, lanean jarraitu dute, hurrengo aukera noiz izango, ausart. Alaves, bitartean, baloia izan eta aurkariaren gosea itzaltzen saiatu da, eta ahal zuenean aurrera egiten.Â
Estutzen segitu du Portugaletek, serio eta lehiakor. Defentsan ere asmatu du Bizkaiko taldeak noiz egin goian presio eta noiz itxaron atzean. Eta horrek eman dio modua, galtzen ari bazen ere, kanporaketan bizirik zela ailegatzeko atsedenaldira. Bizirik, eta lehiatu zezaketela sinistuta.
Bigarren zatian, baina, erasokorrago zelairatu dira arabarrak, eta atzean kokatzera behartu dituzte etxekoak. Baloia patxada gehiagorekin ere mugitu du Alavesek. Hala ere, aukera zuenetan, erasora jo du Portugaletek. Zoritxarrez, aurkariaren atean ez, berean sartu du gola. 71. minutuan, pasea urrundu nahian, sarera bota du baloia Tapiadorrek, 0-2koa jarriz. Arnasa hartu du Alavesek. Orduan bai, bideratuta zuen kanporaketa. 91. minutuan sartu du neurketako azken gola Toni Martinezek, dagoeneko dena erabakita zegoenean.
Bestalde, zoroa izan da Ebrok eta Osasunak jokatutako partida, eta markagailua da horren erakusle (3-5). Are gehiago, jakinda 77. minutuan 1-1 zihoazela. Azkenean, lortu dute helburua gorritxoek, baina nahi baino larriago.
Aurrera egiteko faborito argia zen Osasuna, erakustea kostatu bazaio ere. Ebrok izan ditu partidako lehen aukera garbienak: hogeigarren minuturako, emanak zizkion bi-hiru susto Osasunari. Orduan piztu dira nafarrak, eta hasi aurkariari min egiten. Baina ez da kikildu etxeko taldea, ezta hurrik eman ere; kontraerasora bizi eta oldarkor jotzen segitu du. Eta, azkenean, jaso du lanaren fruitua. Atsedenaldia heltzear zela markagailuan aurretik jartzea lortu du Ebrok. 46. minutuan, kontraeraso batean, gola sartu du Kevin Soeiro aurrelariak —Osasunaren harrobian aritutakoa da, nafarra—. Bereziki mingarriak izaten dira azken unean sartutako gol horiek, eta gorritxoek bazituzten urduritzen hasteko motiboak. Ez ziren ari partida ona egiten, gainera.
Aldaketak egin ditu Liscik, ikusitakoaren gustura ez, eta azkar jaso du saria Osasunak. 47. minutuan epaileak nafarren aldeko penaltia adierazi du, eta Raul Garciak ez du huts egin. Bigarrena behar zuen, ordea, Nafarroako taldeak, eta ez du hain azkar lortu neurketa iraultzea. 78. minutuan sartu du gola, berriro ere Raul Garciak, ustez gorritxoen lasaitasunerako; Beckerren erdiraketa ona bikain errematatu du aurrelariak.Â
Segituan erantzun du etxeko taldeak, eta partida berdindu du 80. minutuan. Alarma guztiak piztu dira orduan, baina azkar isilarazi nahi izan ditu Osasunak. 84. minutuan hirugarrena sartu du Moik, eta 88. minutuan laugarrena Beckerrek. Sua, baina, ez dute itzali. 93. minutuan, penaltiz, gola sartu du Ebrok, markagailuan 3-4koa jartzeko. Emozio askokoak eta zoroak izan dira neurketako azken minutuak. Osasunak zuen esateko azken hitza. 97. minutuan, Victor Muñozek sartu du partida behin betiko ixteko gola, taldearen bosgarrena. Kostata, baina aurrera egin du Lisciren taldeak.
Reala eta Eibar, bihar
Bihar, berriz, Realaren eta Eibarren txanda izango da. Txuri-urdinek Reusen aurka jokatuko dute (21:00). Sergio Francisco entrenatzaileak azpimarratu du Kopa txapelketa garrantzitsua dela klubarentzat, eta ilusioz lehiatuko direla. Ilusioa ez ezik, aurrera egiteko betebeharra ere badu, ordea, Realak. Eibarrek, aldiz, Pontevedra izango du aurkari (21:00). Galiziako taldeak Espainiako Federazioaren Lehen Mailan jokatzen du, Eibarrek baino maila bat baxuago. Gipuzkoako taldea ez da denboraldi ona egiten ari, eta sufritzen ari da ligan. Oraintxe, jaitsiera postuetan dago. Hori dela eta, Kopako aukera baliatu nahi du konfiantza hartu eta ilusioa pizteko.Â