Alaves 2-2 Girona

Alavesek puntu on bat lortu du Gironaren aurka

Gasteiztarrak irabazten hasi dira, baina Kataluniako taldeak markagailua irauli du. Boyek berdindu du partida, 89. minutuan, buruz gol eder bat sartuta.

Alaveseko jokalariak Boyek sartutako lehen gola ospatzen, gaur, Gironaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak Boyek sartutako lehen gola ospatzen, gaur, Gironaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 23a
23:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek bina berdindu du Gironaren aurka, Mendizorrotzan. Ontzat jo dezake puntua. Izan ere, gasteiztarrek 89. minutuan berdindu dute partida. Ez dute etsi, bukaeraraino lehiatu dira, eta, azkenean, jaso dute fruitua. 

Lucas Boye izan da Alaveseko jokalaririk onena, hark sartu baititu etxeko taldearen bi golak. Lehena, partida hasi eta gutxira, eta bigarrena, bukaeran. Izan ere, irabazten hasi da Alaves. Gironak izan du baloia lehen minutuetan, baina Gasteizko taldeak eman du lehen kolpea. Boyek gola sartu du 5. minutuan. Youssefek ezker hegalean baloi luze bat jaso eta kontrol on bat egin ostean, haren erdiraketa sarera bota du aurrelariak.

Konfiantza hartu du Alavesek, eta, handik gutxira, gertu izan du bigarren gola. Toni Martinezek dena alde zuen, baina gora bota du baloia. Etxekoak nagusi izan dira zenbait minutuz. Agerikoa zen golak min handia egin diola Gironari. Hala ere, Kataluniako taldea itzuli da bere onera pixkanaka.

Minutuek aurrera egin ahala, saiatu eta saiatu ari ziren kataluniarrak, eta, Alaves defentsan sendo ari bazen ere, azkenean asmatu dute aurkariek. Geldikako jokaldi batean berdindu dute partida, 31. minutuan. Witselek buruz atzeratu du baloia, eta Vanatek bultza besterik ez dio egin behar izan.

Gironak lehenengo golaren ostean bezala, sufritu egin du Alavesek hurrengo minutuetan. Hala ere, ondo amaitu dute lehen zatia Coudetek zuzendutakoek.

Jokatzeko estilo oso desberdinak dituzte Alavesek eta Gironak, eta bakoitzak bereari eutsi dio lehen zatian. Erritmoa bizitu eta zuzen jo du erasora Gasteizko taldeak, eta baloia alde batetik bestera pazientziarekin mugitu Kataluniakoak.

Bukaeraraino saiatu, eta lortu

Alavesek ondo ekin dio bigarren zatiari, erasokor. Gainera, presioa ondo egin du, eta baloia galdutakoan azkar berreskuratzen zuen. Girona deseroso aritzea lortu dute.

Hori ikusita, bi aldaketa egin ditu aurkariak 60. minutuan; hortik gutxira zelairatu du Ounahiri ere. Eta entrenatzaileari ondo atera zaio jokaldia. Partida parekatu, eta markagailuan aurrea hartzea lortu du Gironak 73. minutuan. Ounahik pase bikain bat eman dio Tsigankovi barrutik, eta hark bigarrena sartu du, Siverari izkin eginda.

Alavesek, burua makurtu ez, eta lanean segitu du, puntu bat behintzat lortzeko asmotan. Boye saiatu da behin baino gehiagotan, eta, hain justu ematen zuenean ez zuela lortuko, kolpe erabakigarria jo du. Paradaren erdiraketa bikain errematatu du aurrelariak, eta buruz berdindu du partida, 89. minutuan. Markagailua ez da gehiago mugitu. 

Txalo zaparrada batekin hasi dute gaua Mendizorrotzan. Izan ere, Baskonia saskibaloi taldeari omenaldia egin diote partida hasi aurretik, atzo Espainiako Kopa irabazi zuela eta. Hiriko futbol taldeak ez du lortu gaua guztiz borobiltzea, baina, behintzat, ez da esku hutsik geratu.

Alaves-Girona

Alaves. Sivera; Jonny, Tenaglia, Parada; Youssef, Pablo Ibañez (Denis Suarez, 76. min), Antonio Blanco (Gebara, 88. min), Angel Perez (Calebe, 76. min), Aleña (Mañas, 88. min); Boye eta Toni Martinez.

Girona. Gazzaniga; Hugo Rincon, Vitor Reis, Blind, Arnau; Witsel, Ivan Martin (Etxeberri, 60. min), Tsigankov (Stuani, 84. min), Bryan Gil (Frances, 84. min), Lemar (Fran Beltran, 60. min); eta Vanat (Ounahi, 67. min).

Golak. 1-0: Boyek (5. min); 1-1: Vanatek (31. min); 1-2: Tsigankovek (73. min). 2-2: Boyek (89. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!