Futbola

Alavesek punturen bat bildu nahi du gaur, Espanyolen zelaian

Arabarrek segida eman nahi diote azken partidan Mendizorrotzan Betisen aurka lortutako garaipenari. Carlos Vicentek taldea utzi ondorengo lehen partida izango da, eta baliteke Angel Perezek lehen aldiz jokatzea.

Alaves. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak, Betisi sartutako gol bat ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesen inguruan arreta gutxi bereganatu du taldeak gaur Espanyolen zelaian jokatuko duen ligako partidak (21:00, DAZN). Bulegoko kontuek bereganatu dute arreta osoa. Ez da gutxiagorako, mugimendu dezente egon baita jokalarien artean. 

Batetik, bi jokalarik utzi dute taldea: Carlos Vicentek eta Moussa Diarrak. Vicentek behin betiko utzi du Alaves, eta Birmingham Cityn jokatuko du. Ingalaterrako Bigarren Mailako sailkapenaren erdialdean dago talde hori, baina, herrialde horretako klub gehienak bezalaxe, aberatsa da diruz. Horren erakusle da zortzi milioi euro ordaindu dizkiola Arabako taldeari Vicente bere egiteko. Eskuin hegaleko erdilariak bi denboraldi egin ditu Alavesen, eta funtsezko jokalaria zen: denboraldi honetan, 21 partida jokatu zituen ligan, eta bost gol sartu.

Arabako taldea bizi ibili da, eta haren ordezkoa fitxatu du jada: Angel Perez, Huesca Espainiako Bigarren Mailako taldetik. 23 urte ditu, eta sasoi honetan hemezortzi partida jokatu ditu, eta gol bat sartu. Litekeena da gaur lehen aldiz aritzea Alavesekin. 

Vicentek ez ezik, Diarrak ere taldea utzi du, eta utzita ariko da Anderlecht Belgikako taldean. Erdiko atzelariak ia ez du jokatu denboraldi honetan. Aldiz, bueltan da Facundo Garces, Kirolaren Arbitraje Auzitegiak behin-behinean eten baitu FIFAren Diziplina Batzordeak jarri zion urtebeteko zigorra. Min hartutako jokalariei dagokienez, Denis Suarez ez dago jokatzeko moduan. 

Itxaropentsu dago Coudet, haren ustez, Betisi irabazi aurretik jada taldea «ondo» ari baitzen. 

Jaitsieratik kanpo

Bulegoko kontuak kenduta, lasaia izan da astea Alavesen, eta horretan zerikusi handia izan du azken partidan, Mendizorrotzan, Betisi irabazi izanak. Garaipen horrek bolada txarra eten zuen, aurreko bost neurketetan puntu bakarra batu baitzuen. Joera eteteko ez ezik, jaitsiera postuetatik irteteko ere balio izan zuen Betisi irabazi izanak. Lasaiago daude arabarrak, baina ez lasai, puntu bakarrera baitituzte jaitsiera postuak.

Gaur, segida eman nahi diote garaipen horri, eta gutxienez punturen bat batu. Garai aproposa izan daiteke hori lortzeko, Espanyol txakalaldi betean baitago. Herrialde Katalanetako talde horrek bikain ekin zion ligari, baina azken hiru partidetan puntu bakarra lortu du. Hala ere, egoera ederrean dago, bosgarren postuan. Ia egina du sasoiko helburu nagusia: mailari eustea. Gaur, onbidera itzuli nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.