Alaves 2-0 Rayo Vallecano

Alavesek Rayo Vallecano kanporatu du, eta Kopako final-laurdenetarako sailkatu da

Lehen zatian pareko aritu dira bi taldeak, baina bigarrengoan nagusi izan dira gasteiztarrak, eta 2-0 irabazi dute; merezita sailkatu dira. Toni Martinezek eta Carlos Vicentek sartu dituzte golak.

Alaveseko jokalariak Toni Martinezek Kopan sartutako gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak Toni Martinezek Rayo Vallecanori sartutako gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 14a
23:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helburu argia zuen Alavesek: Rayo Vallecano kanporatzea eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea. Eta lortu du. Etxeko lanak ondo eginda, irribarretsu atera dira Mendizorrotzatik zaleak eta jokalariak. Bigarren zatia hasi eta gutxira sartu dute lehen gola gasteiztarrek, eta azken txanpan bigarrena. Gainera, 69. minututik aurrera jokalari bat gehiagorekin aritu dira. Dena aldeko, ondo eutsi diote aldeari, eta merezita sailkatu dira. 

Jokalariek hasieratik demostratu dute txapelketan aurrera egiteko nahia, baina lehen zatian asko kostatu zaie aukerak sortzea. Saiatu da Alaves jokoaren ekimena izaten, baina aurrean argitasunik gabe aritu da. Calebe izan da etxeko taldeko jokalari arriskutsuena.

Pixkanaka, gainera, bazirudien partidari neurria hartzen ari zitzaiola Rayo Vallecano. Jokaldiak ehundu nahian aukerak sortu ezinda, Alavesek beste modu batean jarri du lanean Rayo Vallecanoko atezaina: area kanpotik egindako jaurtiketekin. Rebbach saiatu da aurrena, eta Youssef hurrena. 

Hala ere, bi atezainek lan gutxi izan dute lehen zatian. Rayo Vallecano izan da azken minutuetan gehien estutu duena. 43. minutuan, Fran Perezek penalti puntuan egin du errematea, baina Raul Fernandezek kornerrera urrundu du baloia. Horixe izan da aukera garbiena. Zertxobait hobeto aritu da Gasteizko taldea, baina nagusitu gabe. 

Deigarrienetakoa, hauxe: atsedenaldirako bost minutu falta zirela, Camello Rayo Vallecanoko jokalariak min hartu du, eta Iñigo Perez entrenatzaileak aldaketa bikoitza egiteko aprobetxatu du unea.

Dena alde

Partida nola zihoan ikusita, luzapenaz eta penaltiez hitz egiten hasiak izango ziren zenbait. Baina ez da izan kasua, ezta hurrik eman ere. Mamuak agertzen hasi aurretik kolpea eman du Alavesek. 49. minutuan, areatik gertu baloia galdu du Rayo Vallecanok, eta ez du barkatu etxeko taldeak: Mañasek egindako jaurtiketaren aldaratzea Toni Martinezi iritsi zaio, eta hark, ahal zuen moduan, sarera bota du baloia. Gogoz ospatu dute zaleek eta jokalariek. Zailena egina zuen Alavesek. 

Taldeari hauspoa emateko asmoz, aldaketa hirukoitza egin du Eduardo Coudetek 64. minutuan: Carlos Vicente, Aleña eta Guridi zelairatu dira Rebbachen, Toni Martinezen eta Caleberen ordez.

Eta, 69. minutuan, eskura jarri zaio kanporaketa Alavesi, epaileak txartel gorria erakutsi baitio Isiri. Rayo Vallecanoko jokalariak, baloia kontrolatu nahian, gehiegi altxatu du hanka, eta besoan jo dio Aleñari, ia sorbaldan. Epailearen iritziz, keinu arriskutsua izan da, eta gogor zigortu du jokalaria. 

Hortik aurrera, gozatu egin dute gasteiztarrek. Amore eman du Madrilgo taldeak, eta erasora jo dute etxekoek. Alavesek izan ditu bigarrena sartzeko aukerak, eta azken unean asmatu du. Cardenas atezaina area kanpora atera da buruz baloi bat urruntzera, baina Carlos Vicenteri bota dio. Atean inor ez zegoela, bigarrena sartu du hegalekoak, kanporaketa erabakita uzteko. Beraz, Realarekin eta Athleticekin batera, Kopako final-laurdenetan izango da Alaves. 

Alaves-Rayo Vallecano

Alaves. Raul Fernandez; Tenaglia, Protesoni, Pacheco, Youssef (Jonny Otto, 91. min.); Gebara, Denis Suarez, Calebe (Carlos Vicente, 64. min.), Rebbach (Aleña, 64. min.); Toni Martinez (Guridi, 64. min.) eta Mañas (Antonio Blanco, 85. min.).

Rayo Vallecano. Cardenas; Baillu (Alvaro Garcia, 39. min.), Lejeune, Mendy, Pacha Espino; Oscar Valentin, Gumbau; Fran Perez (Alemao, 83. min.), Trejo (Isi, 62. min.), Nteka (De Frutos, 62. min.); eta Camello (Chavarria, 39. min.).

Golak. 1-0: Toni Martinezek (49. min.); 2-0: Carlos Vicentek (89. min.).

kopako zozketa, astelehenean

Gizonezkoetan, astelehenean jakingo dute Realak, Athleticek eta Alavesek zeinen aurka jokatuko duten Espainiako Kopako final-laurdenetan, orduan egingo baitute zozketa. Partidak otsailaren 3an, 4an eta 5ean jokatuko dira. Txuri-urdinek penaltietan kanporatu zuten Osasuna, atzo; zuri-gorriek, berriz, luzapenean utzi zuten kanpoan Cultural Leonesa.

Emakumezkoetan, zozketatuta daude final-laurdenak. Athleticek otsailaren 4an Madrilen jokatuko du Atletico Madrilen aurka, eta hurrengo egunean Realak Badalona izango du aurkari etxean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.