Alaves: estutasunen ondoren, lasaitasuna

Alaves salbu da sasoi honetan asko sufritu eta gero. Teknikaria aldatzeak min egin zien zaleei, baina, kostata bada ere, bete-betean asmatu du Coudetek. Irmotasuna izan da mailari eusteko gakoa. Orain, zenbait zalantza dituzte geroari begira.

Alaveseko jokalariak, Kike Garciak Valladoliden sartutako gola ospatzen. R. GARCIA / EFE
Alaveseko jokalariak, Kike Garciak Valladoliden sartutako gola ospatzen. R. GARCIA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko maiatzaren 23a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Alaves onenen artean arituko da datorren sasoian ere. Hori bai, Arabako taldeak gogotik sufritu behar izan du helburua lortzeko. Iaz, igo berritan, komeriarik gabe eutsi zion mailari. Maiz, ordea, gogorragoa izaten da gorenera iritsi osteko bigarren denboraldia aurrenekoa baino. Alavesek indar betean hasi zuen liga, baina galbidean barneratu zen gero; hainbeste, ezen teknikari kargua galdu baitzuen Luis Garcia Plazak. Ataka estuan izan da haren ordezkoa ere, Eduardo Coudet, baina sufrikarioak amaiera zoriontsua izan du. Zernahi gerta ere, baliteke Coudetek arabarren aulkian ez jarraitzea, eta funtsezko zenbait jokalari ere joatea; hala nola, Kike Garcia golegilea.

Gainbehera handia

Aldaketa traumatikoa

Oso zaila da Alavesen aulkian luzaro esertzea, baina proiektu egonkor baten buruzagi izateko bidean zen Garcia Plaza. Taldea Bigarren Mailatik igo zuen lehenik, eta bikain gidatu zuen eliteko itzuleran. Arabarrek hamargarren bukatu zuten sasoia, jaitsieratik hamahiru puntura. Hori aski ez, eta anbizioz jokatu zuten udako merkatuan. Taldea, itxuraz, indartu egin zuen Sergio Fernandezek, eta Alaves seigarren ipini zen lehen sei jardunaldiak jokatu ostean. Amets baten hasiera zirudien.

Bada, hortik aurrera, amildu egin zen Gasteizko taldea: zazpi partida galdu eta bakar bat irabazi zuen 7. jardunalditik 15.era bitarte. Agintarien pazientzia agortu egin zen etxean Leganesen aurka berdindu ondoren, eta kaleratu egin zuten Garcia Plaza, Alaves artean jaitsieratik kanpo egon arren —16. postuan zegoen—. Teknikariarekin harreman berezia zuten zaleek, eta askok gaitzetsi zuten teknikariz aldatzeko erabakia. Taldea ekaitzaren erdian hartu zuen Eduardo Coudetek. Sei partida behar izan zituen lehen garaipena lortzeko, eta astez aste emaitza txarrak kateatu ahala, azken-aurreko posturaino jausi zen Alaves. «Klubak nire inguruan hartzen duen edozein erabaki ulertuko dut», esan zuen argentinarrak Espanyolen aurka galdu ostean.

Argia tunelaren amaieran

Sendotasuna irtenbide

Ontzia, ordea, ez zen hondoratu. Ondo kostata, baina ur azalean eutsi zioten entrenatzaileak eta jokalariek, eguneroko lan zorrotzean konfiantza izanik. Hasieratik, agintariak pozarren izan dira Coudeten lan egiteko moduarekin. Taldeak baloiaren jiran eraiki zalea da argentinarra, baina larrialdiari aurre egiteko, sendotasuna ipini du erdigunean. Guztiz asmatu du apustu horrekin: Alavesek hiru gol bakarrik jaso ditu azken zortzi partidetan, eta horri esker, jokoan izan diren azken 24 puntuetatik hamalau poltsikoratu ditu. Hor egon da salbazioaren giltza. Rayok 0-2 menderatu zuen 29. jardunaldian, baina geroztik, inork ez dio gol bat baino gehiago sartu. Era berean, etekin handia atera die sartu dituen gol bakanei: 0-1 irabazi dio Girona eta Valladolidi, eta 1-0 Realari eta Valentziari.

Defentsa indartu egin da, eta horretan zerikusi handia izan du Facundo Garces agertu izanak. Argentinan hilabete luzez egon zen jokatu gabe, baina Abqarren hutsunea modu paregabean bete du, eta oso bikote sendoa osatu Santiago Mouriñorekin. Nabarmentzekoa izan da, halaber, Manu Sanchezek ezker hegalean izandako hobekuntza eta eskuinean Tenagliak erakutsitako lidergoa.

Golegile oparoa

Kontratua agortzear

Zelaiaren beste muturrean, funtsezkoak izan dira Kike Garciaren golak. Hamahiru sartu ditu guztira; bere markarik onena da Lehen Mailan. Horietatik hamar Coudeten agindupean egin ditu, eta azkenekoa berezia izan zen, salbazioa bermatzeko balio izan baitzion Alavesi. Betisen zelaian, gainera, baloia etxera eraman zuen, atea hiru bider zulatu eta gero. Inor gutxik espero zuen aurrelariak halako maila ematea, 34 urte izanik. Adinak ez dio zelaian oztoporik jarri, baina bestela izan daiteke bulegoetan, kontratua berritzeko garaian. Akordiorik ezean, ekainean utziko dio Alavesen jokalari izateari. Eskaintzarik ez zaio faltako, lan ilunean ohiko distira egiteaz gain, ate aurrean harrigarri aritu baita sasoi honetan.

Zalantza gehiago

Zutabeak dardarka

Mailari eutsi arren, buruhauste ugari du kirol zuzendaritzak. Izan ere, Kike Garciak ez ezik, etorkizuna kolokan dute giltzarri diren beste zenbait jokalarik. Horietako bat da Abqar, hari ere kontratua ekainean amaituko baitzaio. Hura joateak zuloa eragingo luke atzeko lerroan; zer esanik ez Mouriño ere joango balitz. Ezin da aukera hori baztertu, maila aparta eman baitu azken hilabeteetan. Atletico Madrilek hiru milioi euro ordainduta berreskura lezake. Alavesek diru gehiago eskatuko du Carlos Vicenteren truke, gorabehera handiko sasoia izan duen arren. Hura galduz gero, zeharo kamustuko lirateke Alavesen hegalak. Momentuz, 2027ra arte du kontratua, Antonio Blancok, Tenagliak, Siverak eta Ander Gebarak bezalaxe. Utzita aritu dira, ordea, Jordan, Aleña, Cabanes, Carlos Martin eta Manu Sanchez, eta Alaves uzteko bidean dira.

Agian Coudetek ere agur esango du. Denboraldi amaierara arte sinatu zuen, eta, helburua bete arren, baliteke aldaketa egotea aulkian. Tentsio handiko hilabeteak izan dira teknikariarentzat: asko kosta zaio emaitza onak lortzea, eta harreman nahiko hotza izan du zaleekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.