ALAVES 3-0 CELTA

Alavesen gol festa Mendizorrotzaren mendeurrenean

Arabarrek partida handia jokatu dute, eta aise irabazi diote Celtari. Hala, urrats erabakigarria egin dute salbazioa lortzeko. Lehen zatian barkatu egin dute, baina zitalak izan dira gero Simeone eta Guridi, golegile lehen aldiz sasoi honetan.

Alaveseko jokalariak, lehen gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
Alaveseko jokalariak, lehen gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 27a
20:57
Entzun

Ehun urte bete ditu gaur Mendizorrotzak, eta opari ederra egin dio Alavesek: garaipen ikusgarria lortu du Celtaren aurka, hiru golen aldeaz irabazita. Erabakigarria ere bada, arabarrek guztiz bideratuta utzi baitute mailari eusteko helburua. 38 puntu dituzte honezkero; lasai egon daitezke. Sosegua lortzeko, erritmo frenetikoan jokatu dute gaur. Celtari ez diote inolako aukerarik eman. Nagusi izan dira, hasi eta bukatu. Baloia bizi mugitu, eta behin eta berriz erdiratu dute. Lehen zatian, hori bai, ez dute golik sartu, oso aukera garbiak izanagatik. Alabaina, ezintasuna eraginkortasun bilakatu dute aldageletatik bueltan, eta hiru bider zulatu dute Celtaren atea. San Prudentzio egunaren bezperan, ospakizun biribila izan da Mendizorrotzan. 

Esanahi sinboliko handia zuen partidak, eta horren erakusgarri izan dira harmailak. Zaleek pankarta erraldoi batekin eta 20.000 banderatxorekin egin diote harrera taldeari. Berdegunean, berriz, dantzari talde batek aurreskua dantzatu du lehiari ekin aurretik. Jokalariek, ezinbestean, grinaz beterik abiatu dute neurketa. Presio itogarria egiten saiatu dira, eta hala jarraitu dute minutu luzez. Begiz jota izan dute beti Celtaren atea. Bizi aritu dira aurkariaren aldean, eta gol aukera garbirik ez diote sortu lehen zati osoan. Galiziarrek arriskua sortu duten aldi bakanetako batean, erasoan falta egin du Carles Perezek, eta Duarteri ostikoa emateko keinua egin du. Txartel gorria atera dio epaileak. Atzera egin du gero, errepikapena ikusi ostean. 

Gauza gehienak zelaiaren beste muturrean gertatu dira. Joko zuzen eta zorrotza egin dute etxekoek, baloia alderik alde mugituta. Erdiraketen bidez saiatu dira jokaldiak bukatzen, eta aukera paregabeak izan dituzte lehen gola sartzeko. Lehenik, Kike Garciak burukada gurutzatua egin du korner batean, eta oso gutxigatik joan zaio kanpora. Hurrena Carlos Vicente izan da gola hatz mamiz ukitu duena, beste korner batean. Estrategia jokaldi ia biribila izan da arabarrentzat; Guaita gainditzea falta izan zaie bakarrik. Gauza bera gertatu da hortik gutxira, Benavidezek areara pase zehatza egin ondotik. Gorosabelek Kikeri eman dio, baina aurrelariak ez du asmatu atezainaren aurrean. Saiatu arren, txorrota itxita zuen Alavesek. 

Bada, golak turrustan iritsi dira atsedenetik bueltan. Kike area barruan sartu da 47. minutuan, gogor borrokatu ondoren, eta pasea eman dio Giuliano Simeoneri. Argentinarrak ez du barkatu. Sasoi honetan sartu duen lehen gola izan da. Guridik ere aurrenekoz asmatu du ate aurrean, zazpi minutu geroago. Simeonek Minguezaren akatsa behartu du, eta baloia Guridik jaso. Behingoz, sareratzeko gai izan da. Arindua hartuko zuen erdilariak, sasoi osoa eman baitu golekin etsaituta. Mendizorrotzak, berriz, gozatua hartu du. Festa piztu da harmailetan. Jokalariak, berriz, ez dira bertan goxo gelditu. Gehiago nahi zuten, eta hurbil ibili dira. Guridik zutoinera jaurti du. Eta azkenean, Benavidezek jarri du ginga, 86. minutuan, falta bat buruz errematatuta. Irudi ederra ikusi da bukaeran, zale guztiek bufandak erakutsi dituztenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.