Futbola

Alavesi eta Eibarri egokitu zaizkie aurkaririk zailenak Espainiako Kopako final-hamaseirenetan: Sevilla eta Elx

Txarrari ona aterata, gasteiztarrak eta eibartarrak etxean ariko dira. Athleticek Ourenseren kontra jokatuko du, Realak Eldenseren kontra, eta Osasunak Huescaren aurka. Hiru euskal talde horiek etxetik kanpo ariko dira.

Jonny Otto. RAUL BOGAJO / FOKU
Jonny Otto Alaveseko jokalaria, Sevillaren aurka Mendizorrotzan jokatutako ligako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko abenduaren 9a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Onetik eta txarretik izan du Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketak euskal taldeentzat. Athleticek, Realak eta Osasunak aurkari apalen kontra jokatuko dute: zuri-gorriak Ourenseren kontra ariko dira; txuri-urdinak, berriz, Eldenseren kontra, eta gorritxoak, Huescaren aurka. 

Hiru euskal talde horiek etxetik kanpo jokatuko dute. Hala ere, faborito dira, haien hiru aurkariak maila apalagokoak baitira. Ourense eta Eldense Athletic eta Reala baino bi koska beherago ari dira, Espainiako Futbol Federazioaren Lehen Mailan. Ourense ezustean iritsi da hirugarren kanporaketara, Espainiako Lehen Mailako bi talde kanporatu baititu: Oviedo (4-2) eta Girona (2-1). Beraz, Athletic ezin da deskuidatu. Realaren aurkariak, berriz, Eldensek, Espainiako Federazioko Bigarren Mailako Jaen (1-3) eta Espainiako Bigarren Mailako Almeria (2-1) kanporatu ditu.

Osasunaren eta Huescaren artean, berriz, maila bat besterik ez dago, Espainiako talde hori Bigarren Mailan ari baita. Federazioko Bigarren Mailako Utebo (0-3) eta Federazioko Lehen Mailako Racing Ferrol (0-2) utzi ditu bidean.

Lehen Mailako aurkariak

Alavesek, ordea, zorte txarra izan du: Lehen Mailako bi taldek bakarrik joka zezaketen elkarren aurka, eta hura izango da horietako bat. Sevillaren aurka jokatuko du, baina behintzat Mendizorrotzan ariko da. Sevillak Toledo (1-4) eta Extremadura (1-2) kanporatu ditu. Ligan 1-2 irabazi zuen Sevillak, Gasteizen.

Eibarrek bazekien Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko zuela, eta horien artean ez zaio egokitu aurkari oso zaila: Elx. Kopan, Elxek aise kanporatu zuen Los Garres (0-4), baina sufritu egin zuen Quintanar del Rey kanporatzeko: 1-2 irabazi zion luzapenean. Ligan bederatzigarren da Elx.

Abenduaren 16an, 17an eta 18an jokatuko dituzte neurketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.