Ahaleginak ez du beti saria. Gaur gertatu zaio hori Alavesi, Valentziaren aurka, Mendizorrotzan. Arabako taldea gogotik saiatu da, lan ona egin du, eta aurkaria baino gehiago izan da ia lehia osoan, baina ez du nagusitasun hori gol bat sartuz indartu. Izan ditu aukerak, batzuk oso argiak, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Beti da ona esku hutsik ez geratzea, baina gaurkoa bezalako berdinketek aho zapore mingotsa uzten dute, sentipena baita puntu bat batzea baino gehiago, bi galdu direla.
Alaveseko jokalariek argi dute zer nahi duen Eduardo Coudetek: lehenik, aurkariari presioa egin behar diote, baloia kentzeko; baloiaren jabe egindakoan, berriz, pazientziaz ukitu behar dute, gol aukera bat sortu arte, edo, bestela, zelai erdiko hegalekoen abiadura baliatu behar dute arriskua sortzeko; azkenik, eraginkor aritu behar dira ate aurrean. Horrela irabazi zioten Elxi duela bi aste Mendizorrotzan. Gaur, ordea, entrenatzaile argentinarrak nahi duen ia guztia egin dute ondo, baina garrantzitsuena falta izan zaie: erasoan eraginkor aritzea. Coudetek Elxen aurka jokatu zuten hamalau jokalari erabili ditu, baina emaitza ez da bera izan.
Lehen hogei minutuetan ez beste, etxeko taldea nagusi izan da. Arabarrei kosta egin zaie Valentziari baloia kentzea lehen minutuetan, eta bisitariek ondo aprobetxatu dute arriskua sortzeko. Danjumak, adibidez, susto ederra eman die etxekoei partida hasi eta gutxira, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Eroso zebilen Valentzia, eta, deseroso, aldiz, Alaves.Â
Pixkanaka, etxekoek baloia kendu diete bisitariei, eta nagusitzen hasi dira. Horri esker, aurreneko arriskuko jokaldiak sortu dituzte. Lucas Boye izan da protagonista guztietan. Aurrelari argentinarra gogotik saiatu da neurketa osoan, eta lan eskerga egin du, baina ez du asmatu izan dituen aukerak gauzatzen. Ezta beste aurrelariak ere, Toni Martinezek. Julen Agirrezabalak ere zerikusia izan du horretan; atezain errenteriarra izan da jokalaririk onena Valentzian.
Coudetek taldea suspertu nahi izan du, eta lau aldaketa egin ditu bigarren zatian: Denis, Aleña, Carlos Vicente eta Guridi zelairatu ditu Pablo Ibañezen, Caleberen, Abderen eta Toni Martinezen ordez. Denisek izan du neurketako aukerarik garbiena, 87. minutuan, falta jaurtiketa batean, baina baloiak zutoina jo du. Ez da beste ezer gertatu, eta hutsean bukatu da neurketa: bisitariak konforme zeuden puntuarekin; etxekoak, berriz, etsita.
Saria txikia izanagatik ere, sailkapenean gora egiteko balio dio Alavesi. Hamargarren postuan dago orain, bederatzi partidatan hamabi puntu batuta. Pixkanaka, baina ari da bidea egiten denboraldiko helburu nagusia betetzeko: mailari eustea.
ALAVES-VALENTZIA
Alaves. Siveira; Calebe (Carlos Vicente, 60. min.), Jonny Otto, Tenaglia, Pacheco, Yussef; Ibañez (Denis, 60. min.) , Blanco, Abde (Aleña, 60. min.); Toni Martinez (Guridi, 71. min.) eta Lucas Boye.Â
Valentzia. Agirrezabala; Thierry Correira, Tarrega, Copete (Comert, 80. min.), Gaya; Luis Rioja, Pepelu, Javi Guerra (Santamaria, 82. min.), Danjuma (Raba, 71. min.); Diego Lopez eta Hugo Duro (Beltran, 80. min.).