Alavesi kolpetik desagertu zaio irribarrea

Berdinketa mingotsa lortu du etxean, Mallorcaren aurka (1-1). Kostata sartu du gola, eta eskura izan du garaipena, baina ihes egin dio azken txanpan. Aukera handia galdu du aurkari zuzen bat urrundu eta salbazioa ia lotuta uzteko.

Alaveseko Jon Guridi, Mallorcako jokalari bat atzean utzi nahian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko Jon Guridi, Mallorcako jokalari bat atzean utzi nahian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 24a
21:10
Entzun

Bukaera zoroa izan du Alavesek Mallorcaren kontra jokatu duen partidak. Lehia itxia eta lakarra izan da, baina eztanda egin du amaiera gerturatu ahala. Kaos horretan lasaitu handia hartzear izan dira arabarrak: 1-0 jarri dira aurretik, eta, hala, eskuetan izan dute erabakigarritzat jo zitekeen garaipena. Hiru puntuak patrikaratuta, beste poltsikoan salbazioa sartzeko moduan izango ziren. Bakarra lortu dute, ordea. Erdizka gelditu dira. Oso gaizki defendatutako jokaldi batek izan du errua. Arean erremateak kateatzen utzi diote aurkariari, eta baloia ate barrura joan da azkenean. Luzapena ate joka zegoela sartu du Nastasicek banako gola. Aurrez, gasteiztarren golak galarazteaz arduratu da. Neurketako izarra izan da Mallorcako atzelaria; ondo erakusten du horrek nolako partida izan den.

Hamaikakoa osatzean, bere buruari galdera erretorikoa egiten dio Luis Garcia Plazak: «Zertarako aldatu, ondo badago?». Jokalari multzo finko bat dauka neurketak abiatzeko, eta oso aldaketa gutxi ari da egiten astetik astera. Normala da, apustu horrek emaitzen bermea baitu. Gaur erabili duen hamaikakoa, hain zuzen, duela bi aste etxean Vila-realen aurka zelairatu zuen berbera izan da. Eta aurreko partidatik aldaketa bakarra egin du: Javi Lopez Duarteren ordez, defentsako ezker alboan.

Javier Aguirrek, ordea, txandakatzeak egin ditu, Kopan Realaren kontra jokatu behar duten neurketa gogoan. Aldaketa sortak ez dio kalte egin Mallorcari; areago, bipil zelairatu da, Alaves kikildu nahian. Espero baino aurrerago ezarri ditu presio lerroak. Atzeratu egin ditu jarraian, eta arabarrak, bien bitartean, partidari neurria hartu ezinik zebiltzan. Eraso azkarretan sortzen dute arriskurik handiena, baina, horretarako, hutsuneak behar dira, eta nekez aurkitu dituzte. Halaber, sakontasuna falta izan zaie hegaletan: erdiraketa bakarra egin dute lehen hogei minutuetan. Hortaz, errematatzeko oso aukera gutxi izan du Samuk; gainera, motzean lotu du Nastasicek.

Arazoak areagotu egin zaizkio Alavesi, defentsan sufritzen hasi baita. Lehen gola hartzeko zorian izan da 20. minutuan: Radonjicek langara bidali du baloia, Morlanesen pase bikaina jaso ondotik. Jaurtiketa loratua egin du Mallorcako jokalariak, eta Siverak doi-doi desbideratu du. Radonjicen abiadurarekin asko sufritu dute Alaveseko atzelariek; serbiarrak, ordea, erabaki txarrak hartu ditu jokaldiak finitzeko orduan. Estutzen segitu du Mallorcak, eta 30. minutuan Gorosabelek gola burutik kendu dio Muriqiri, Darderrek bigarren zutoinera erdiratu eta gero.

Atsedena hurbildu ahala, suspertzera egin dute gasteiztarrek. Gehiagotan zapaldu dute hondoko arrastoa, eta erdiraketa on batzuk ere egin dituzte; hala nola Javi Lopezek Samuri egin diona. Aurrelariak, baina, ezin izan du taxuzko errematerik egin. Atera behin ere jaurti gabe bukatu du Alavesek lehen zatia.

Gola, klarionez marraztua

Bigarren zatian are atzerago sartu da Mallorca, eta Alavesek ezinbestean izan du ekimena. Baloia eduki bai, baina ezin izan du toki arriskutsuetara bidali. Asko kostatu zaio erasoko jokoa bizkortzea. Halako egoeretan, funtsezkoak izaten dira estrategia jokaldiak. Eta Alavesek ondo islatu du arbelean klarionez marraztutakoa. Lehenik, Alex Sola gol ikusgarria egitear izan da, ezker hegaletik ateratako falta batean. Intentzio guztiarekin jaurti du, eta baloia zutoina miazkatuz atera da. Sarera bidali du, aldiz, Benavidezek, korner bat baliatuta. Irten berria zen zelaira, eta Riojaren erdiraketa neurtua baliatu du Alaves aurretik jartzeko.

Ordu laurdena besterik ez zen gelditzen partida bukatzeko. Golaren ostean, Mallorcak ez du estuegi hartu Alaves. Garaipenak ia ziurra zirudien. Salbazioak ere bai. Alabaina, Nastasicen golak esnarazi egin du. Larinek ere asmatu du gero, baina baloia eskuarekin ukitu ondoren. Lortutako puntua kontsolazio saria izan da arabarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.