Espainiako Txirrindularitza Federazioaren esku dago erabakia. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) atzo arratsaldean eman zuen epaia. Epai argia: Alberto Contadorri (Astana) diziplina prozedura irekitzeko eskatu dio Espainiako Txirrindularitza Federazioari. Astana taldeko txirrindulari espainiarrak klenbuterolarekin positibo eman zuen joan den Frantziako Tourrean, uztailaren 21ean egin zioten kontrolean -bigarren atseden egunean, Tourmaleten gora, Andy Schleckekin (Saxo Bank) batera erakustaldia eman zuen etaparen bezperan-. «Nire positiboa kutsatutako haragia jan izanaren ondorio argia da. Ezin dut onartu zigortzea». Contadorrek berak hitz horiekin defendatu zuen bere burua irailaren 30ean eman zuen prentsaurrekoan. Txirrindulariaren esanak sinetsi ez sinetsi balantza labain horretan, UCIren epaiaren zain geratu ziren denak. Eta UCIk eman du epaia.
50 pikogramo klenbuterol antzeman zizkioten espainiarrari gernuan -0,00000000005 gramo miligramoko-. Oso-oso kopuru txikia da hori, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren (WADA) laborategietan egiten diren kontroletan positibotzat jotzen den kopurua baino 400 aldiz txikiagoa. Horregatik agindu zuen UCIk ondorio argiagoak atera ahal izateko ikerketa zientifiko sakonagoak egiteko. Eta, itxuraz, dopin zantzuak antzeman dituzte Contadorren gernu laginean.
2007an irabazi zuen estreinakoz Tourra; ondoren, 2009an; eta aurten ere bera igo da Parisko koskarik gorenera. Tartean, 2008an, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta ere irabazi zituen. Hori bai, Espainiako Txirrindularitza Federazioak Contador zigortzea erabakitzen badu, espainiarrak galdu egingo du aurtengo Tourreko garaikurra. Zigorra egiaztatuko balute, Contadorezingo litzateke lehiatu hurrengo bi urteetan, WADAren zerrendan bi urteko zigorra zehaztuta baitago klenbuterolarekin positibo ematen duten kasuetarako. Hala ere, Espainiako Federazioak zehaztu beharko du zigortuz gero zenbat denborarako zigortuko duen.
Plastiko arrastoak gernuan
Contadorrek prentsaurrekoa eman eta egun gutxira, kasua aldrebestu zuen albistea zabaldu zen: klenbuterol arrastoez gain, txirrindulariaren gernuan ohi baino ftalato arrasto gehiago antzeman zituzten uztailaren 21ean egindako kontrolean -baita aurreko egunean egindakoan ere-. Ftalato plastifikatzailea (di-ftalato) aurkitu zuten Contadorren gernuan; balizko odol transfusioak egin aurretik odola gordetzeko erabiltzen den poltsetan egoten den substantzia. Albiste hori plazaratu zenean, egunero guztia gezurtatzen ezin zela ibili iritzita, gehiago ez hitz egitea erabaki zuen txirrindulariak. UCIren epaia jakin arte. Orain ikusi egin beharko da Contadorrek zein azalpen ematen duen.
Alberto Contador zigortzeko eskatu dio UCIk Espainiako Txirrindularitza Federazioari
Klenbuterolarekin positibo eman zuen espainiarrak Tourrean, eta ordutik UCIren erabakiaren zain zegoen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu