Aldamenekoei begira

Hirugarren jardunaldian geldituko da erabakita nor ariko den noren kontra final-laurdenetan

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Norberarena egin eta bestearena begiratu. Hori da Eskuz Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldiak duen berezitasuna. Horrenbeste eztabaida pizten ari den ligaxka asteburuan bukatuko da, eta final-laurdenetako partidak izango dira hortik aurrerakoak. Askoren iritziz, orduan hasiko da benetako txapelketa.

Berean gertatzen zenak baino gehiago kezkatzen zuela beste multzoan gertatzen zenak aitortu zuen joan den astean Iñigo Pascualek, eta hori da EPELek ezarritako sistemak duen arriskuetako bat: kontrario gogorrenak sai-hestu eta ahulenak aukeratzeko proportzioa. Egia da txapelketa aurkeztu zuten egunean ez zuela inork bikote sendorik eta ahulik ikusten, baina ligaxkak zerbaitetarako balio izan badu horretarako izan da: benetan indartsu nortzuk dauden ikusteko. Multzo bakoitzeko bi bikote onenek jokatutako bi partidak irabazi dituzte, eta ez dirudi arazorik izango dutenik lehen postu horri eusteko. Berasaluze VIII.a-Ruiz eta Olaizola I.a-Zearra izan dira orain arte indartsuenak, eta final-laurdenak asteburu honetan jokatuko balira, Titin III.a-Barriolaren kontra jokatuko lukete lehenengoek saria baino gehiago zigorra dirudi, eta Xala-Lasa III.a izango lituzkete kontrario Olaizola I.a-Zearrak daturik kaskarrenak eurek dituzte. Irujo-Goñi III.a eta Bengoetxea VI.a-Beloki litzateke beste partida bat, eta Gonzalez-Pascual eta Olaizola II.a-Otxandorena bestea. Hirugarren jardunaldia amaitu baino lehen ateratako kontuak dira, baina zer saihestu edo zerekin topo egin jakiteko baliagarria izan daiteke.

Min hartutakoak

Ives Salaberri Xala eta Aimar Olaizola izan dira azken jardunaldian jokatu ez duten bi pilotariak, eta Ruben Belokik ere min hartuta amaitu zuen atzo, Eibarren jokatutako partida. Ez dirudi Xalak arazorik izango duenik larunbatean Labriten jokatzeko, baina biharko pilota aukeraketa arte ez dute erabakiaren berri emango. Aimar Olaizolaren kasua oso bestelakoa da, Xalak gripea zuelako, baina Aimarrek bi eskuak minduta. Bihar esango du hark ere jokatuko duen edo ez 11:30ean dute pilota aukeraketa Labriten, eta 16:30ean da Irungoa. Ruben Belokik, bestalde, uzkurdura du saihetsaldean, baina lau egunen buruan osatuta egongo dela dio medikuak.

-

Sailkapenak



A multzoa
J I G TA TK
1. Berasaluze-Ruiz 2 2 0 44 23

2. Aimar-Otxandorena 2 1 1 34 41

3. Irujo-Goñi III.a 2 1 1 41 39

4. Xala-Lasa III.a 2 0 2 28 44

B multzoa
J I G TA TK
1. Olaizola I.a-Zearra 2 2 0 44 32

2. Gonzalez-Pascual 2 1 1 43 43

3. Bengoetxea-Beloki 2 1 1 39 43

4. Titin III.a-Barriola 2 0 2 36 44

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.