Urte hasiera erakargarria du Athleticek. Bi kopatan, UEFAn eta Espainiakoan, bizirik dago talde zuri-gorria eta Ligak ere ez du etenik. Denboraldia hasi zenetik lau hilabete igaro ondoren, talde gutxi daude Athletic dagoen egoeran. Hala ere, erakargarriak bezain gogorrak izango dira datozen egunak.
Espainiako Liga omen da zuri-gorrien helburu nagusia. Erregulartasunaren lehiaketan neurria eman ezean, ezer gutxirako balio izaten dute gainerako garaipenek. Egun, sailkapenaren erdialdean eroso dago Valverderen taldea. Urte bukaeraraino makina bat estutasun pasatu ostean, etxetik kanpo eskuratutako lehen garaipenak eta San Mameseko puntuek lasaitasuna ekarri dute Lezamara. Hala ere, Liga luzea da eta lanean jarraitu beharra dago. Hurrengo zazpi saioetan euren aurretik dauden bost talderen aurka jokatu beharko dute Valverderen mutilek. Ez da erronka makala izango.Erronka gaitza da, besteak beste, UEFAn zein Espainiako Kopan ere kanporaketa erabakigarriak jokatu beharko direlako. Espainiako Kopa jokalari eta zale askoren jomugan dago aspalditik eta aurten aukera paregabea egon daitekeela susmoa du batek baino gehiagok. Horretarako, Lanzarote gainditu beharko du Athleticek eta uharteko taldea kanporatuz gero beste kanporaketa bat jokatu beharko du jarraian. Kopako lanak behar den moduan eginez gero, ia atsedenik gabe Austriarako bidea hartu beharko du Athleticek. Gezurra badirudi ere, otsailaren erdialdean egongo ginateke eta dagoeneko urteko hamaikagarren partidari egin beharko lioke aurre Valverderen taldeak.
Martxoaren 20a bitartean, hamasei partida gutxienez
Urte hasiera nekagarria izan daiteke eta jokalariek ere prest egon behar dute edozein unetan zelairatu eta ohikoen maila berbera emateko. Aukerak egongo direla ez du zalantzan jartzen Aritz Solabarrietak. «Kopan aurrera egiten badugu hogei partida jokatu beharko ditugu martxoaren 20ra bitartean. Beraz, prest egon behar dugu», azaldu zuen.
Solabarrietak izango du bere aukera, baina gainerako jokalarien ekarpena ere eskertuko du entrenatzaileak. Ildo horretan, lesioak tarteko azken hilotan jokatu ezinda egon diren futbolari garrantzitsuak ere prest izango ditu Valverdek. Lafuente, Gonzalez eta Lacruz luzaroan egon dira min hartuta, baina urte berriarekin batera gainerako taldekideekin entrenatzen hasi dira. Lan saioetan lehiakortasuna areagotzeko, zigorrak bete behar direnean alternatibak izateko edota lesionatu gehiago daudenean ordezkoak ere berme osokoak izan daitezen, ezinbestekoak dira hiru jokalariak egungo taldean. «Marik eta Javik partida asko jokatu zituzten iaz eta futbolari garrantzitsuak izan ziren taldearentzat. Aurten, berriz, oso gutxi hartu dute parte eta beste zenbait jokalarik minutu asko jokatu behar izan dute. Ondo dago eurak prest egotea», onartu du Valverdek aste honetan bertan.
FUTBOLA. ATHLETIC. ESPAINIAKO LIGA
Aldapa gora, talde osoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu