Golak. 1-0: Oiartzabalek (19. min.). 2-0: Willian josek (32. min.). 3-0: Oiartzabalek (40.min.) Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak. Realeko Porturi,; eta Alaveseko Wakasori, Pinari, Manu Garciari. Txartel gorria. Manu Garciari. Bestelakoak. 28. 720 ikusle Anoetan.
Bakoitzak berean segiz. Realak eta Alavesek orain arteko jardunaldien gidoia jarraitu dute ostegun honetan Anoetan, eta bien arteko aldea nabarmena izan da zelaian. Aise nagusitu dira donostiarrak; lehen zatian hiru gol egin eta garaipenaren bidea urratu dute atsedenaldira joan direnerako. Gasteiztarrak ez dira gai izan egoera hori iraultzeko bigarren zatian, ezta hura areagotzeko ere etxekoak, eta Anoetan geratu dira hiru puntuak.
Aldarte onari eutsi diote donostiarrek. Aurreko partidatik hiru aldaketa egin dituzte Imanol Alguacilek eta Asier Garitanok, baina oriotarraren apustua izan da balekoa. Alex Remirok debuta egin du Realarekin, eta estreinako partida jokatu du Lehen Mailan. Hutsean utzi du bere atea.
Misteriorik gabeko partida izan da. Epaileak neurketaren hasiera adierazi duenerako erasora egin du Imanol Alguacilen taldeak, eta bere zelaian sartu du Alaves. Bosgarren minuturako lehen aukera izan du Donostiako taldeak. Gosez zelairatu da.
Minutuek aurrera egin ahala, bisitariek zelai erdian indartzea lortu badute ere, pozak ez die askorik iraun. Realak aurrerapausoa eman du berriz ere, eta ordutik aurrera Alavesek ez du zereginik izan.
Martin Odegaard izan da mataza askatzeko arduradura. Norvegiarrak saiheska jaso du baloia, eta, aurkari bati baloia bi hanken artetik sartu ostean, bi jokalarien artean ikusi du Mikel Oiartzabal. Lerro artetik pasea eman dio, eta eibartarrak ez du barkatu. Maisulana egin du Odegaardek, eta hari esker 20. minutua betetzerako aurretik jarri da Reala.
Iparra galduta aritu da Alaves hurrengo minutuetan. Gola kolpea izan da Garitanoren jokalarientzat, eta zirkinik ere ez dute egin hurrengo minutuetan. Egoera horretan hazi egin da Reala, eta geroz eta arrisku gehiago sortu du Fernando Pachechoren arean.
Arriskua sari bilakatu dute txuri-urdinek partidako ordu erdia bete berritan. Ezker hegalean baloi bat jaso du Oiartzabalek, eta erdiraketa neurtua egin du penalti puntura. Hantxe zegoen zain Willian Jose, eta baloia sareetara bota du buruz.
Bigarren golak etsita utzi ditu babazorroak. Erreakzioko gaitasunik ez dute izan lehendabiziko gola jasotzerakoan, eta malda izugarri gogortu zaie bigarrena egin dietenean.
Hirugarrenarekin amaitu da partida. Adrian Marinek eskuarekin ukitu du baloia area barruan, eta penaltia adierazi du epaileak. Oiartzabalek ez du barkatu, eta borobildu egin du donostiarren gaua.
Bigarren zatian saiatu da Alaves egoera iraultzen, baina alferrik izan da. Realak izan du abantaila areagotzeko aukera, baina Portuk penaltia huts egin du partidaren hondarrean. Baten poza, bestearen tristura izan da.