Ikusi gehiago
Alemaniak eta Suediak indartsu hasi dute Munduko Kopa. Aurkari apalak zituzten aurrean, eta nagusitasunez irabazi dute. Alemaniarrek 7-1 hartu dute mendean Curaçao, eta Suediak 5-1 Tunisia. Boli Kostak, bestalde, hiru puntuak poltsikoratu ditu, Ekuador 1-0 mendean hartuta. Herbehereek eta Japoniak, berriz, bina berdindu dute.
Alemania ez da fin aritu Munduko azken kopetan, eta ez zuen ezustekorik eman Curaçaoren kontra. Ameriketako selekzio hark estreinakoa izan zuen atzo Munduko Kopa batean. Hasi eta berehala jarri zen aurretik Alemania, Nmechak 6. minutuan sartutako gol bat esker. 21. minutuan, Curaçaok bana berdindu zuen. Comenenciak lortu zuen Ameriketako selekzio hark Munduko Kopan sartutako lehen gola. Baina, ondoren, Alemaniak gauzak bere tokian jarri zituen, eta atsedenaldira 3-1 joan zen. Lehen zati duina egin zuen Curaçaok. Bigarren zatian, errenta kudeatzen jarraitu beharrean, Alemaniak gehiago estutu zuen, eta, Curaçaoren atzealdearen biguntasuna eta nekea baliatuta, beste lau gol sartu zituen. Alemaniaren golegileak, Nmechaz gain, hauek izan ziren: Schlotterbeck (38. min), Havertz (45+5. eta 88. min); Musila, (47. min), Brown (68. min) eta Ybdav (78. min).
Herbehereak 2-2 Japonia
Bina berdindu zuten Herbehereek eta Japoniak. Europako selekzio hori bi aldiz egon zen aurretik, baina ez zuen abantaila baliatzen jakin, eta azkenean 89. minutuan berdindu zuten japoniarrek norgehiagoka: Kamadak sartu zuen binakoa, 89. minutuan. Lehen zatia 0-0 amaitu zen. Bi taldeek ez zuten arriskurik hartu nahi izan. Bigarren zatia hasi eta gutxira, ordea, Van Dijkek aurretik jarri zuen Ronald Koemanek zuzentzen duen selekzioa, burukada on batekin (51.min). Japoniak aurrera jo behar izan zuen neurketa berdintzeko, baita lortu ere. Nakamurak sartu zuen gola (57. min). Hortik arrera, partida zertxobait ireki zen, eta bi taldeek gehiago jo zuten erasora. Saria Herbehereek jaso zuten, Sumervillek gola sartu baitzuen, baloi bat ondo gurutzatuz. Baina hirugarrenaren bila joan beharrean, atzerapauso bat eman zuen gero. Aldaketak asmo horrekin egin zituen Koemanek, eta ordaindu egin zuen, partidaren arauzko denbora amaitzeko minutu bat falta zela iritsi baitzen Kamadaren gola, korner batean. Realeko jokalari Take Kubok belaunean min zuela utzi zuen zelaia.

Boli Kosta 1-0 Ekuador
Goizaldean, berriz, Boli Kostak balio handiko hiru puntu lortu ditu Ekuadorren kontra. Azken unean lortu dute afrikarrek garaipena, 90. minutuan sartu baitute gola: 1-0. Kolpea izan da Hego Amerikako selekzioarentzat, gutxienez berdinketa merezi izan baitu; besteak beste, hiru aldiz jaurti baitu baloia zutoinera. Ekuadorrek hobeto ekin dio partidari, baina pixkanaka partida berdinduz joan da. Boli Kostak fisikoki nagusi zela erakutsi nahi izan du; Ekuador, berriz, ondo egon da zelaian jarrita, aurkariari ondo eutsi dio, eta ahal izan duenean aurrera egin du. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak, baina ez dute asmatu. Baziurdien neurketa hasi bezala amaituko zela: 0-0. Baina 90. minutuan Singok jokaldi ona egin du hegaletik, atzetik aurrera eginda; Diallori eman dio baloia, eta hark sartu du gola.

Suedia 5-1 Tunisia
Suediak eta Tunisiak jokatu dute jardunaldiko azken neurketa. Europako selekzio horrek Munduko Kopako bi aurrelari onenetakoak ditu, Isak eta Gyokeres, eta dagoeneko biek zulatu dute aurkariaren atea. Suedia 5-1 gailendu zaio Tunisiari. Ayarik (7. min) eta Isakek (30. min) sartu dituzte Suediaren lehen bi golak. Lehen zati oso kaskarra egin du Afrikako selekzio hark, eta garesti ordaindu ditu atzean egindako akatsak. Baina haren itxaropena piztu egin da 43. minutuan Rekik berdinketaren gola sartu duenean. Bigarren zatiari zertxobait hobeto ekin dio Tunisiak, baina minutu gutxi izan dira. Suediak, gainera, edozein aukera baliatu zezakeen atzetik bizi atera, hirugarrena sartu eta partida erabakita uzteko. Hala egin du Gyokeresek, 59. minutuan. Nolako partida jokatu duen kontuan hartuta, 3-1eko emaitza duina zen Tunisiarentzat. Baina azken txanpan suediarrek beste bi gol sartu dituzte, eta abantaila are gehiago handitu dute. Golegileak Svanverg (84. min) eta Ayari (90+6) izan dira.
