Alessio Lisciren fitxaketak ikusmin handia piztu zuen Osasunan. Berezko karismaz harago, jokamolde sofistikatu eta erakargarria du entrenatzaile italiarrak, eta arrakasta handiz ezarri zuen Mirandesen. Hori horrela, proiektu berriaz gozatzeko prest ziren zale gorritxoak. Bada, lehen zortzi partidak igaro eta gero, ilusioa ez da hasierako berbera. Ez da guztiz desagertu, Sadarreko emaitzak onak izan diren heinean. Alabaina, zalantzak piztu ditu taldearen jokoak. Lisci oraindik ez da gai izan bere zigilua ipintzeko. Sasoia hasi besterik ez da egin, eta proiektua «eraikitze fasean» dakusa teknikariak. Geldialdiak baliagarria izan beharko luke jokalariek kontzeptu berriak barneratzen jarrai dezaten.
Etxeko emaitzen bermea
Zaku zulatua etxetik at
Emaitzei erreparatuta, bi aurpegi erakutsi ditu Osasunak orain arte. Sadarren, irribarre egin du nagusiki: mendean hartu ditu Valentzia, Rayo eta Getafe. Elxen aurka, berriz, azken unean egin zion ihes garaipenak. Hori horrela, Sadarren jokoan izan diren lehen hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu. Uzta oso ona da. Bisitari moduan, ordea, ez du alerik bildu oraindik. Emaitzak, seguruenik, ez dira bat etorri taldeak egindako ahaleginarekin; punturen bat eskuratzeko moduan izan zen Real Madrilen, Espanyolen eta Vila-realen zelaietan. Kontrara, xehetasunak eta epaileen hutsak tarteko, esku hutsik geratu zen partida horietan. Betisen aurka, ordea, merezimendu osoz galdu zuen. Etxetik at antzu hasi du sasoia, baina etxeko emaitzak nahikoa sostengu izan dira oraingoz.
Nor den jakin nahian
Zalantzak estiloaren inguruan
Ez bakarrik emaitzei erreparatuta; joko aldetik ere kontraste handiak izan ditu Osasunak. Tarteka joko bizia, azkarra eta oldarkorra egin du, baina, era berean, zuhur eta beldurti ere agertu da. Oraindik ez dago garbi zer izaera duen taldeak. Neurri batean, normala ere bada, Liscik lan egiteko eta futbola ulertzeko modu desberdin bat ekarri baitu Iruñera. Alor taktikoa sakonki lantzen du hark, eta ñabardura eta ertz ugari ditu haren estiloak. Eskema aldetik, oro har hiru erdiko atzelari erabili ditu lehen partidetan, baina bestelako antolaketa batzuei ez die muzin egiten. Jokalariek sistema ezberdinetara egokitzen jakin behar dute, eta ez hori bakarrik: gai izan behar dute kokapenez sarri aldatzeko. Boyomo, adibidez, hegaleko lanak egiten aritu da jokaldi batzuetan, erdiko atzelaria izan arren. Taldeak denbora behar du aberastasun taktiko hori zelaian modu egokian islatu ahal izateko.
Piztu ostean, itzali
Jaurtiketa eta korner gutxi
Edozein moduz, frustrazio iturri izan da atsedenetik bueltan maiz Osasunak egin duen atzerako urratsa, lehen zatian txukun aritu eta markagailuan aurrea hartu ondoren. Hori etxeko partidetan ikusi da batik bat. Sariari eustea izan du helburu, aldea handitzea baino gehiago. Tarteka zirrara eragin du harmailetan, batez ere trantsizio azkarrak baliatuz. Alabaina, taldearen bertsiorik elektrikoenak ez du luzaro iraun. Datuei erreparatuta, agerikoa da erasoan badela zer hobetu: Osasunak 2,8 jaurtiketa egin du atera partidako, eta area gutxien zapaldu duten taldeetan seigarrena da. Era berean, hamazazpi korner izan ditu bakarrik alde, beste inork baino gutxiago. Getaferen aurka bakarra atera zuen, eta gola sartzeko baliatu. Gainontzean, baina, etekin txikia atera die geldikako jokaldiei.
Geroz eta bigunago
Hutsak, jarraian
Zortzi partidetan zazpi gol sartu dituzte dute nafarrek; Girona eta Oviedo dira ate aurrean kamutsago aritu diren bakarrak. Haatik, ez dago talderik Osasunak baino gol gutxiago jaso duenik; zortzi sartu dizkiote. Orokorrean, sentipen hobeak izan ditu defentsan erasoan baino. Lehen lehietan sendo eta fidagarri agertu zen talde gorritxoa, eta apenas jaso zuen golik bigarren zatietan behera egin arren. Liscik sustaturiko ordenak fruituak ekarri zituen. Ordea, asteen joanean pitzatu egin da Osasunaren egitura, akats larriak agertu ahala. Vila-realen zelaian, Rosierrek hamar jokalarirekin utzi zuen taldea, ekidin zezakeen sarrera bat eginda. Elxen eta Betisen aurka, ordea, defentsako hutsek aurkarien golak ekarri zituzten. Horrek kalte egin zion atzelarien konfiantzari, eta Getaferen aurka larri ibili ziren erdiraketak defendatzeko orduan.
Hamaikako finkoa
Victor Muñozen eragina
Emaitzak hobetzeko baino gehiago, estiloa fintzeko fitxatu zuen Osasunak Lisci. Alde horretatik, espero baino apalago dabil taldea. Liscik autokritika egin du behin baino gehiagotan, eta, okerrak zuzentzeko asmoz, esku hartze handia ari da izaten neurketetan. Hori bai, hamaikakoan apenas egiten duen aldaketarik. Nahiko garbi dago nor den postu bakoitzaren jabea. Udan iritsitako jokalarien artean, Rosier eta Victor Muñoz berehala finkatu dira titular gisa. Zelaian aurrera egiterako garaian, Victorren abiadura lasterbidea da Osasunarentzat. Aimar Orozen kalitatea ere funtsezkoa da, baina galdu egin ditu azken lau partidak, minez. Harrobikoen artean, Moncayolak indar betean hasi du denboraldia; Barja, Herrando eta Iker Muñoz, berriz, aulkian izan dira gehienbat. Multzo txikia du Osasunak, eta, halere, jokalari batzuek jokatzeko aukera gutxi izan dute. Horri lotuta, Liscik bi partidatan egin ditu bakarrik baimendutako bost aldaketak.