Alavesek urteroko metamorfosia izango du

Taldeak Coudeten aginduetara jarraituko du, baina aldaketa ugari izango du jokalari aldetik. Utzita aritu direnek agur esan dute, eta Kike Garciak eta Abqarrek amaitzear dute kontratua. Salmentaren bat ere egon liteke, eskaintza mamitsuak iristen badira.

Kike Garcia Alaveseko aurrelaria baloia jotzeko prest. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kike Garcia Alaveseko aurrelaria baloia jotzeko prest. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Uda eraldaketa garaia izaten da Alavesentzat. Utzitako jokalari dezente eduki ohi du, eta, horren ondorioz, hutsuneak sortzen zaizkio behin denboraldia bukatuta. Fitxaketa bila jardun behar izaten du Sergio Fernandez kirol zuzendariak, eta oraingoan ere, sakelakoari itsatsita ibiliko da abuztu amaierara bitarte. Dei garrantzitsuena, bederen, egina du honezkero: kontratua beste urtebeterako luzatu dio Eduardo Coudet entrenatzaileari. Argentinarra larrialdi egoeran iritsi zen taldera, eta emaitzak jokoaren gainetik ipini zituen. Datorren sasoian, ordea, bere zigilua jarri nahiko dio taldeari. Horretarako, taldea Coudeten neurrira eraiki beharko du Alavesek.

Galera handiak

Zortzi badoaz, gutxienez

Alavesek utzitako bost jokalari eduki ditu 2024-2025eko denboraldian: Manu Sanchez, Aleña, Jordan, Carlos Martin eta Cabanes. Ekarpen aldetik oso arrasto ezberdina utzi du bakoitzak, baina patu bera izango dute denek: datorren sasoian ez dira Alaveseko jokalari izango. Manu Sanchez eta Aleña gustura fitxatuko lituzkete arabarrek, baina oso zaila da. Abqar eta Kike Garcia ere taldetik joango dira ziurrenik. Kontratua hilaren amaieran bukatuko zaie, eta ez dirudi luzatuko dutenik. Biak ere taldearen bizkarrezurraren parte izan dira, eta Alavesek haien hutsunea nola bete asmatu beharko luke. Aleksandr Sedlarri ez dio eskaintzarik egin, eta libre aterako da.

Eskaintzen zain

Dirua lortzeko aukera

Azken denboraldian Arabako taldean jardun duten beste hamazazpi jokalariek kontratua dute datorren sasoirako. «Onenek gurekin jarraitzea da asmoa», esan zuen Fernandezek liga amaitu berritan. Hala ere, litekeena da batek baino gehiagok eskaintza erakargarriak jasotzea. Alavesek etekin handia atera badezake, prest egon liteke irteerako atea zabaltzeko. Antonio Blancok traba handirik ez jartzeko eskatu dio klubari, baina hura salduz gero, kopuruaren erdia Real Madrilek jasoko luke. Santiago Mouriño, berriz, lau milioi euroren truke berreskura lezake Atletico Madrilek. Oraingoz, ez du ematen aukera hori baliatuko duenik. Carlos Vicente ere talde askok dute begiz joa, eta ez litzateke arraroa izango Antonio Siverak ere dei bat baino gehiago jasotzea.

Hegal ahula

Nola erasoan hala defentsan

Itxura guztien arabera, Pablo Ibañez izango da Alavesek fitxatuko duen lehen jokalaria. Osasunarekin kontratua amaituta iritsiko da. Denboraldia amaitzerako ia erabatekoa zen akordioa, baina oraindik ez da baieztatu. Oreka emango lioke zelai erdiko lerroari. Ezker hegalak, berriz, sakontasuna eta sendotasuna behar ditu. Bertan Aleñak eta Manu Sanchezek jokatu dute, batak erasoan, eta besteak defentsan. Haiek ordeztea izango da Fernandezek udan zehar izango duen buruhauste handienetako bat. Diarra dezentez hobeto aritu da erdiko atzelari gisa, hegalean baino; eta Conechnyk ez du txinpartarik izan. Hots, fitxaketak behar ditu Alavesek.  

Irtenbidea, etxean

Panichelliren agerraldia

Aurrelari postuari dagokionez, lasaiago egon daitezke arabarrak, Kike Garcia ziurrenik joan egingo den arren. Ez da erraza azken sasoian hamahiru gol egin dituen jokalari bat ordeztea, baina Alavesek itxaropena du Toni Martinez hobeto ariko dela aurrerantzean. Ikusgarri aritu zen lehen partidetan, eta bertsio hori berreskuratzen saiatu behar du. Gainera, mahukan beste karta bat dute gasteiztarrek: Joaquin Panichelli. Alavesen bigarren taldean aritu ondotik, guztiz loratu da sasoi honetan Mirandesen —hogei gol sartu ditu Bigarren Mailako fase erregularrean—. Alavesera itzuliko da igotzeko kanporaketak bukatu ondoren, eta ikusteko dago bertan jarraitzen duen; eskaintzarik ez zaio faltako. Asier Villalibre, berriz, agian jokatzeko aukeren bila irtengo da.

Ikusi egin behar

Udako probaldia

Panichelli ez ezik, Victor Parada ere bikain ari da baliatzen Mirandeseko egonaldia. Abde Rebbach, Unai Ropero eta Nikola Maras dira Alavesek utzita izan dituen beste jokalariak. Rebbach nahiko ondo aritu da Granadan, eta ezker hegala indartzen lagun lezake. Coudetek denboraldiaurrean erabakiko du haiekin guztiekin zer egin. Jokalariak Bigarren Mailako taldeei uztea estrategia eraginkorra izaten da maiz, eta datorren sasoian, baliteke bide hori hartzea Jesus Owonok, Siveraren itzalpean izan ondoren. Behin kontratua berrituta irtengo litzateke. Jon Guridik eta Protesonik ere 2026ra arte dute sinatua kontratua, eta hitzarmena luzatu ezean, debalde aterako lirateke datorren urteko udan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.