Bere-berea duen estiloan igo du Angliru Joao Almeidak (UAE). Eserita eragin die pedalei, bizikleta dantzan jarri eta abiadura aldaketa bortitzik egin gabe. Horren ordez, komeni zitzaion erritmoa ipini du. Portugaldarraren martxa, alabaina, beste batzuetan baino gogorragoa izan da. Tente izan du gandorra Angliruko malda pikoetan, eta pixkanaka, atzean utzi ditu aurkari guztiak. Bat izan ezik: Jonas Vingegaard (Visma) liderra. Danimarkarrak Almeidaren gurpilean osatu du igoera guztia, eta erasotzeko imintziorik txikiena ere ez du egin; ez aldapan gora, ezta azken metroetako bihurgune bihurrietan ere.
Hirugarren Jai Hindley (Red Bull) izan da, 28 segundo galduta, eta bi segundo geroago Sepp Kuss (Visma) helmugaratu da. Tom Pidcockek, berriz, sufritu egin du, eta 1.16ko atzerapena izan du. Zazpigarren postua erdietsi du etapan, eta eutsi egin dio sailkapen nagusiko hirugarren postuari. Alta, 42 segundora gerturatu zaio Hindley. Almeidak, berriz, lau segundo harramazkatu dizkio Vingegaardi gainsariei esker, eta liderra 46 segundora du orain.
Tropelak ekinean jarraitu du beste egun batez, Palestinako sarraskia salatzeko protestek bezalaxe. Cabezon de la Saletik abiatu da etapa, eta lapiko jotzea egin dute bertan. Angliruko lehen aldapetan, berriz, hanka lurrera bota beharrean izan dira aurrean zihoazen hiru ziklistak, zenbait lagun bide erdian agertu baitira, Israelen kontrako aldarriak oihukatuz. Poliziak indarrez kendu ditu paretik.
Ibilbide aldetik orain arteko saiorik menditsuena izan da, baina, paradoxikoki, 140 kilometroan ziklistek ez dute igoera bakar bat ere topatu. Amaiera, ordea, ez zen badaezpadakoa: Mozqueta, Cordal eta Angliru elkarren segidan igo behar zituzten. Hasierako ibilbide samurrean hegan egin dute txirrindulariek, eta 25 iheslari elkartu dira tropelari aurrea hartuta.
Haatik, lasterketak oso bestelako itxura hartu du Mozquetan, eguneko lehen mendatean: ihesaldia erabat sakabanatu da Jungelsek erasoari ekin orduko. Harekin batera, Nicolas Vinokurovek (Astana), Jefferson Cepedak (Movistar), Mads Pedersenek (Lidl) eta Gianmarco Garofolik (Soudal) egin dute aurrera. Antonio Tiberik (Bahrain) ere aurreko multzoan gainditu du Mozqueta, baina moztuta geratu da jaitsieran, matxura baten erruz.
Cordalen ere, soka tenkatu du Jungelsek, eta askatu egin behar izan du Garofolik. Tropela ez zen aparte: ihesaldia kate motzean lotu du egun osoan, eta UAE agintean jarri ondotik, aldea hiru minututik behera jaitsi da Cordalen. Eta Anglirun, erritmoa are gehiago gogortu dute Almeidaren taldekideek. Onenak baino ez dira geratu tropelean.
Laguntzaileek euren lana bukatzearekin batera, Almeidaren erakustaldia hasi da. Helmugatik sei kilometrora jarri da tiraka, eta ekinean jarraitu du hortik aurrera igo dituzten aldapa beldurgarrietan. Jungelsek urrun eraman du ihesaldia, baina ezinbestean, gainditu egin dute indartsuenek. Kussek eta Hindleyk iraun dute gehien Almeida eta Vingegaardekin. Amore eman dute portugaldarrak erritmoa are gehiago gogortu duenean; liderra, ordea, itzala bezala itsatsi zaio. Lasterketa apurtzeko aukera zuen gaur, baina zuhurtziaz jokatzea hobetsi du.
Bihar ere Asturiasen lehiatuko dira txirrindulariak, eta amaiera bortitzeko beste etapa bat jokatuko dute. Lehen 90 kilometroetan, hirugarren mailako mendate bat igo beharko dute, baina errepidea nabarmen tentetuko da azken 45 kilometroetan, San Llaurienzu eta Farrapona mendateetan. 10 kilometro eta %8,5eko pendiza du batak, eta 17 kilometro eta %5,9ko pendiza besteak. Helmuga Farrapona gainean egongo da. Beste azterketa egun bat izango da hautagaientzat.
Netanyahuren zorionak
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak zoriondu egin du Sylvan Adams, Israel Premier-Tech taldearen jabea, X sare sozialean idatzitako txio batean: «Lan bikaina, Sylvan eta Israelgo txirrindulari taldea, gorrotoari eta larderiari men ez egiteagatik. Israel harro sentiarazi duzue!».
Prime Minister Benjamin Netanyahu:
— Prime Minister of Israel (@IsraeliPM) September 5, 2025
Great job to Sylvan and Israel's cycling team for not giving in to hate and intimidation. You make Israel proud! 🇮🇱
Sylvan Adams Bilboko etapan izan zen. Sports Channel komunikabideari esan dionez, Euskal Herria ezaguna da «protesta egitea gustatzen zaien ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua» izateagatik. ETA ere aipatu du. Kazetariari «gogoratu» dio «ETAk aliantza bat sortu zuela PAErekin [Palestina Askatzeko Erakundea]». Euskal Herrian jasotako harrerak ez zuen harritu; Palestinaren aldeko banderek eta pankartek bai, haien kopurua «neurrigabea» izan zela uste baitu. «Gorroto dosi handiak» ere aipatu ditu, eta «terrorista» deitu dio protesta egin zuen «talde bortitzari». Hori bai, Adamsen arabera, Euskal Herriko txirrindularitza zaleak «munduko onenak» dira.