Lance Armstrong txirrindulari estatubatuarra Tourraren handienen artean sartu zen iaz bosgarrena Tourra irabazita. Jacques Anquetil frantziarrak, Eddy Merckx belgiarrak, Bernard Hinault frantziarrak eta Miguel Indurain euskaldunak egindako balentria gainditzeko aukera izango du Armstrongek.
Seigarren etapan taldekako erlojupekoa izango da, Pirinioak Alpeak baino lehenago igoko dituzte, eta azkenaurreko etapan 56 kilometroko erlojupekoa egin beharko dute. Beraz, Tourraren antolatzaileek erlojupeko bat kendu dute eta krono-igoera sartu dute tartean, non eta Alpe D'Huez mitikoan. Iaz egindako aldaketa ere erreparatu dute aurten, ohi bezala Pirinioak igoko baitituzte lehenik –Tourmalet, Aspin, tartean–, eta Alpeak ondoren. Igotzaileentzako Tourra dela esan daiteke datorren urtekoa, mendi gehiago eta erlojupeko gutxiago baitago.
Talde guztiak martxoaren 1a baino lehenago
Jean-Marie Leblanc Tourreko zuzendariak adierazi duenez, martxoaren lehena baino lehen emango dute aditzera zein taldek parte hartuko duten 91. ekitaldi horretan. UCIko sailkapenean lehen hamalau postuetan dauden taldeak zuzenean ariko dira, eta gainontzeko bederatziak zein diren martxorako jakingo da. "Gonbidatutako taldeak zeintzuk diren erabakitzeko ez ditugu kontuan hartuko urtean zehar lortutako emaitzak, baizik eta taldea beraren eraginkortasun teorikoa", azpimarratu du Leblancek.
Euskaltel-Euskadi taldea UCIko sailkapenean 13. postuan dagoenez, datorren urteko Tourrean parte hartzeko aukera ziurtatuta dauka.
Frantziako Tourra