futbola

Alternatibak "lotsa" sentitzen du Jaurlaritzak 55 milioi euro bideratzeagatik San Mames berrirako

Bihar jarriko dute estadio berriko lehen harria. Eraikitze lanek 157 milioi euroko aurrekontua dute.

2010eko maiatzaren 25a
16:06
Entzun
Oskar Matute Alternatiba alderdiko bozeramaileak adierazi du gaurko egoera ekonomikoa zein den kontuan hartuta "lotsa" sentitzen duela Eusko Jaurlaritzak San Mames futbol estadio berrirako 55 milioi euro bideratuko dituelako. "Murrizketa sozialak egingo dituzte, 134.000 euskal herritar daude langabezian [EAEn]. Sozialistak ari dira zerbitzu publikoetan, pentsioetan, gizarte laguntzetan, soldatetan murrizketak egiten, eta Patxi Lopezek [Eusko Jaurlaritzako lehendakariak] berak futbol estadioan 55 milioi jartzea erabaki du".

Bihar jarriko dute San Mames Barriaren lehen harria, eta han izango dira Lopez bera, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iñaki Azkuna Biboko alkatea, besteak beste. "Lotsa sentitzen dut", aitortu du Matutek. "Estadioa ia 160 milioi euro kostatuko da eta diru gehien diru publikotik bideratuko dute".

San Mames berria eraikitzeak 157 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Aldundiak eta BBK-k ere 55 milioi euro jarriko dituzte. Athleticek 42 milioi euro eta Bilboko Udalak 11 milioi euro. Aurreikuspenen arabera, 2012-2013 denboraldirako zelai berrian jokatu ahal izango du Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.