Markagailua: 2-0, 2-1, 5-1, 5-5, 7-5, 7-7, 7-11, 8-11, 8-14, 10-14, 10-21, 12-21 eta 12-22.
Saketik: Olaizolak bat eta falta bat; Altunak lau eta bi falta.
Jokin Altunak bigarren urtez jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala. 22-12 irabazi dio Aimar Olaizolari Iruñean. Amezketakoak partida harrigarria egin du, perfekziotik gertu. Zaila da hark jokatu duena baino gehiago jokatzea. hasi, halere, gaizki hasi da, Olaizola 5-1 eta 7-5 aurreratu baita. Tarte horretan Altunak bi falta egin ditu saketik eta jokoan eragin dio.
Berehala uxatu ditu beldurrak baina, piloteoan gehiago zen Altuna eta ondo baliatu du. Errematean bikain aritu da, zehatz, angeluak bilatu eta aurkituz, eta hamabi tanto egin ditu jokoan. Olaizolak ez du oparirik egin, baina defentsan ezinean aritu da, aurkariaren gantxo eta dejadetara iritsi ezinda.
Altunak hilaren 19an jokatuko du finala, Bilbon, eta igandean ezagutuko du aurkaria, Mikel Urrutikoetxeak eta Oinatz Bengoetxeak Logroñon jokatuko duten partidan.