Hari baten gainean dabiltza Jokin Altuna eta Dario Gomez. Batek orekari eutsiko dio. Bestea, ordea, erori egingo da. Batek buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko du, Unai Lasoren aurka. Besteak, berriz, lanak amaituko ditu. Gaur argituko da hori. Elkarren aurka jokatuko dute Bilbon, Bizkaia frontoian (17:15, ETB1), final-laurdenetako ligaxkako A multzoko azkeneko partidan.
Ligaxkako aurreko bi neurketetan egindakoak jarri ditu kale edo baleko egoera horretan. Biek ala biek irabazi dute partida bat, eta bestea galdu: Altuna III.ak 22-14 galdu zuen Iker Larrazabalen aurka aurreneko jardunaldian, eta 22-15 irabazi zion Javier Zabalari bigarrengoan; Dariok, berriz, 22-17 irabazi zion Zabalari aurreneko saioan, eta galdu egin zuen bigarrengoan, Larrazabalen kontra: 22-20.
Altuna III.a ohituta dago azken jardunaldian nahitaez irabazi behar izatera banakako ligaxketan. Bikain moldatzen da; horren ondo, ezen inoiz ez baitu galdu azken partida hori. Eta ez du behin edo bitan egin hori, askotan baizik; zehazki, zazpi aldiz, buruz buruko eta lau eta erdiko txapelketak kontuan hartuta.
Buruz burukoari erreparatuta, ezaguna zaio egoera, azken hiru ekitaldietatik bitan egon baita arrisku bizian azken jardunaldian. Iaz, ezin okerrago ekin zion ligaxkari, Lasok astindua eman baitzion: 22-7 irabazi zion Bilbon. Hurrengo bi partidak irabazi beharra zituen finalerdietarako sailkatzeko. Behar, eta egin: aurrenekoan, alde handiz irabazi zion Jose Javier Zabaletari Eibarren (Gipuzkoa): 22-6; eta, azken neurketa erabakigarrian, Dario hartu zuen mendean partida oso gogor batean, Astelena pilotalekuan berriro ere: 22-19.
2022an, berriz, oso ondo ekin zion ligaxkari, eta Dariori nagusitu zitzaion Bilbon, partida latz batean: 22-19. Eskuak oso minduta zituela bukatu zuen, eta, hori dela eta, uko egin zion bigarren jardunaldian Eibarren Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzeari. Horren ondorioz, nahitaez irabazi behar zuen azken jardunaldian. Ezin hobeto aritu zen presiopean, eta astindua eman zion Zabaletari Donostian: 22-5.
Lau eta erdikoan, berriz, bost bider egon da azken jardunaldian irabazi beharrean, eta bostetan lortu du helburua, eta finalerdietarako sailkatu da.
Beti irabazi dio Dariori
Altuna III.ak neurria hartua dio azken jardunaldian irabazteari, baina baita Dariori irabazteari ere. Lau aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta beti nagusitu da amezketarra: hiru buruz burukotan eta lau eta erdiko partida batean.
Bolada on hori luzatu nahi du Altuna III.ak. Dariok, ordea, ezinezko izan duena egin nahi du.
ZABALAK 22-7 IRABAZI DIO LARRAZABALI
Javier Zabalak nagusitasun handiz hartu zuen mendean atzo Iker Larrazabal Labriten: 22-7. Ezer gutxi zegoen jokoan, Zabala kanporatuta baitzegoen, eta, Larrazabal finalerdietan. Halere, emaitza adierazgarria da: bikain aritu zen Zabala, eta eskas Larrazabal. Larrazabalek finalerdia jokatuko du bi aste barru, Iñaki Artolaren edo Peio Etxeberriaren aurka.