Iñaki Artolak Jokin Altuna izango du parean Buruz Buruko txapelketa nagusiko finalean. Finalerako sailkatu zen atzo Altuna III.a, eta nola gainera: egurra eman zion Zabaletari, eta neurketa hasi eta gutxira ondo bideratua zuen garaipena. Amezketarra 0-12 irabazten hasi zen. Buruz Buruko finalean izango da bigarren aldiz jarraian.
Sakearekin min handia egin zion Altunak Zabaletari, eta nafarra ez zen eroso ibili kantxan. Neurketatik atera du Altunak, eta erreakzionatu duenerako beranduegi zen, gehien gerturatu den unea 8-18koa izan da, baina hortik aurrera falta zitzaizkion lau tantoak jarraian egin ditu Altunak.
Gauzak hala, bi gipuzkoarren arteko finala jokatuko da ekainaren 13an Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Larunbatean Artolak 16-22 irabazi zion Rezustari Labriten.