Golak. 1-0: Mandzukicek (33. min); 2-0: Alvesek (44. min.); 2-1: Mbappek (69. min) —4-1 kanporaketan—. Epailea. Bjorn Kuypers (Herb.). Txartel horiak: Juventuseko Bonucciri eta Monakoko Falcao eta Mendyri. Bestelakoak. 41.000 ikusle Juventus Stadiumean.
Juventus hau altzairu herdoilgaitzez egina dago. Inoiz botata uzten ez zaituen auto alemaniar horietako bat, Andoni Egaña bertsotan entzutea edo zure alboan hamabost urte igaro dituen zakurra bezalakoa da: erabat fidagarria. Berme osoko morroiz osatua dago, eta multzora berme gutxiko susmagarriren bat batuz gero, hura ere langile fin bilakatzen du Massimiliano Allegrik. Ez da exagerazioa. Turingo taldeak 2-1 irabazi zion atzo Monakori, eta joanekoan 0-2ko bat urratu zuen. Sufritu gabe sailkatu da bederatzigarren aldiz Txapeldunen Ligakofinalerako —lehen, Europako Kopa—. Ekainaren 3an, Cardiffen, bere aurkariak guztia oso ondo egin beharko du irabazteko.
Juventusek Europako defentsarik onena du, eta inoiz ikusi gabeko markak utzi ditu sasoi honetan Txapeldunen Ligan. Hiru gol jaso ditu bakarrik, eta kanporaketetan, Oporto, Bartzelona eta Monakoren artean, gol bakarra sartu diote, eta hori, finalerdiak erabakita zeudenan. Erasoan, gainera, fina da. Mandzukicek eta Higuainek gola daramate zainetan, eta Dybala kutun berriak elikatzen ditu biak. Hori gutxi ez, eta talde guztiak arrisku ikaragarria du geldikako jokaldietan.
Juventusek ordu erdian zapuztu zuen atzo Monakoren ametsa. Falcao eta enparauak jo eta su irten ziren Turinen, baina garrak gutxi iraun zien. Minutuak pasatu ahala Juventusek erasora jo zuen eta aukerak pilatzen hasi zen. Subasicek hiru gol aukera garbi eragotzi zituen jarraian, baina ezin izan zuen ezer egin Mandzukicek Dani Alvesen erdiraketa neurtua baliatu zuenean (33. min.).
Hegaleko brasildarra da Allegrik bere kausarako bideratu duen susmagarri horietako bat. Berea izan zen bigarren gola (44. min.), ikusgarria. Subasicek ukabilez aldendu zuen korner bat, eta Alvesek zetorkion bezala areaz kanpotik jaurti zuen. Bolea kanoikada balitz bezala hondoratu zen sareetan. Atsedenaldirako dena erabakita zegoen.
Monako emaitza atontzen saiatu zen bigarren zatian, eta Mbappek sartu zuen 2-1ekoa korner batean (69. min.). Ikusgarriena, dena den, Allegriren haserrea izan zen. Dybala aldatu behar izatea asko nabaritu zuen bere taldeak. Azken minutuetan frustrazioak partida narrastu egin zuen, eta falta itsusi batzuk egon ziren.
Real Madrilek dena alde du
Juventusek gaur ezagutuko du finaleko aurkaria, Atletico Madrilek eta Real Madrilek jokatuko duten beste finalerdiko itzuliko partidaren ondoren (20:45, BeIn Sports). Atleticoren zelaian jokatuko dute, baina Real Madrilek altxorra dakar joaneko partidatik, 3-0 irabazi baitzuen Cristiano Ronaldok sarturiko hiru golei esker. Atleticok, beraz, balentria historikoa behar du etxean, hala izan ezean Real Madril hamabosgarren aldiz sailkatuko baita Europako txapelketa nagusiko finalerako.
JUVENTUS 2 MONACO 1
Altzairu herdoilgaitza
Juventusen ordena taktikoak eta defentsak Monako lotu du berriz, eta merezimendu oso sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu