Amaieraren hasiera

Lewis Hamiltonek bihar irabaz dezake Munduko Txapelketa, edo azken sari nagusirako utzi

Laurentzi Garmendia
2008ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Japoniako biharamunetik indarberritzeko betarik gabe, Txinako Sari Nagusiaren txanda da. Olinpiar Jokoak igaro badira ere, Shanghain ez da girorik faltako. Azken-aurreko lasterketak erabakita utz dezake txapelketa, baina hala ez bada, ezin urduriago ibiliko dira Brasilgo proban.

Ondo dakigu Hamilton dagoela sailkapeneko lehen postuan eta bost puntura duela Felipe Massa. Lasterketa bihar goizean korrituko dute, eta Hamilton txapeldun izango da lasterketa irabazi eta Massak bosgarren postutik atzera amaitzen badu. Baita bigarren bada eta Massa zazpigarren edo zortzigarren iristen bada ere. Eta, halaber, hirugarren izanda, Massa gehienez zortzigarren bada.

Ez da ahaztu behar txapelketa ez dela bi horien arteko gauza bakarrik, Robert Kubicak oraindik ere aukerak baititu. Kanadanirabazi eta lider jarri ondoren, poloniarrak igande ilun batzuk izan zituen, eta desagertu egin zen aurreko postuetatik. BMW autoak abiadura galdu badu ere, ezin da ukatu oso sendoa dela, eta horregatik ditu poloniarrak aukerak. Hamabi puntura dago, eta Txinan Hamiltonen aurretik bukatuz gero, Brasilera aukera apur batzuekin iritsiko da oraindik.

McLarenekoen kezka nagusia, baina, Ferrariko Felipe Massa da, eta brasildarra ez dago bakarrik. Raikkonenek hobera egin du azkenaldian, eta Massarentzat baliagarri izaten ari da berriro. Alonsok ere aukeran nahiago du carioca-ren alde egin. Hala ere, espainiarrak esan du Kubicak irabaztea nahi lukeela, harekin harreman bikaina duelako. Azken finean, edonori lagunduko lioke Hamiltonek irabaz ez dezan. Horretarako, aurrean lehiatu beharko du, eta azken bi lasterketak irabazi arren, ez dirudi horretarako gai izango denik. Oraingoan atzeraxeagotik ikusi beharko du filma.

FIA: iraultza araudian

Txapela irabazteko borrokari distira pixka bat kendu dio FIAk atzo eman zuen albisteak. Orain arte zurrumurrua zena ofizial egin zuen, baina uste baino urrunago joz, gainera. Izan ere, 2010etik aurrera 1 Formulako auto guztiek motor berdina erabiltzeko lehiaketa iragarri dute. Interesa duten motor etxeek proposamena aurkeztuko dute, baina FIAk motor bakarra aukeratuko du hurrengo urteetarako. Kategoria txikiagoetan egiten den modura, GP2, World Series, A1GP, eta abarretan.

Horren berri bazegoen aurretik ere, baina talde ia gehienek kontra egin zuten, batez ere talde baten jabe diren auto egileek. Ulergarria denez, Mercedes, Renault, BMW, Honda, Toyota eta Ferrari euren motorrengatik dira ezagun, eta 1 Formulan motor horiei esker izan nahi dute irabazle. Orain beste batek egindako motor batekin korriaraztea euren asmoen kontra doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.