Amaitu da Kopako ilusioa

Osasunak baino askoz ere hobeto jokatu du Racingek, eta merezita sailkatu da Espainiako Kopako finalerdietarako

Iruñea
2010eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Osasunak ez ditu jokatuko Espainiako Kopako finalerdiak. Ilusio ikaragarria eragin du Kopak Iruñean, eta joanekoan Santanderren 2-1 galdu arren, atzo gorritxoak kanporaketa gainditzeko gai izango zirela uste zuten zaleek. Baina usteak erdia ustel dio esaerak, eta oso-osorik usteldu ziren usteak atzo partida hasi eta berehala. Izan ere, 23 minutuan bi gol sartu zituen Racingek, eta kanporaketa ezin hobeto jarri zitzaien Miguel Angel Portugalek entrenatutako jokalariei. Osasuna nora ezean ibili zen partida osoan, eta suspertzeko inolako gaitasunik erakutsi gabe, agur esan zioten atzo gorritxoek Kopari.

Osasuna lo zelairatu zen. Racingek argi zituen eginkizunak, eta hasieratik nabaritu zen hori. Gainera, erdiko atzelarien zalantzak baliatuz, Xiscok seigarren minutuan gola sartu zuen. Eta golak jota utzi zuen Jose Antonio Camachok entrenatutako taldea. 1-0 irabazita kanporaketa gainditzea espero zutenek, berehala ikusi zuten ametsa urruntzen. Geroxeago, Henriquek, Nekunamen erraztasunak baliatuz, 0-2koa sartu zuen, eta Osasunaren zalerik baikorrena ere ezkortu zen Nafarroako Erresuman. Gorritxoek nora ezean jarraitzen zuten. Besteak beste Pandiani, Aranda, Camuñas eta Nekunam hasierako hamaikakoan jarrita, Camachok Kopan jarraitzeko apustu argia egin zuen. Baina Galan, Dady, Calleja eta enparauekin ez zuen okerrago jokatuko Osasunak. Sasoi honetan Kopan jokatutako partidarik kaskarrenaren ostean, Kopatik at dira nafarrak.

Lehen zatiko azken bost minutuetan soilik erakutsi zuen benetako grina Osasunak. Indar eta kemenik gabe aritu ziren gorritxoak ia partida osoan, baina lehen zatiaren azken tarte horretan jokalariak haserre ikusi zituzten behintzat harmailetan bildutako 13.000 zaleek -lehen zati osoan bi falta besterik ez zituen egin Osasunak-. Camuñas jokoan sartu zenean, Pandianik eta Arandak gola sartzeko aukerak izan zituzten, baina ez zen gorritxoen eguna.

Bigarren zatia ere txukun antzean hasi zuten Osasunakoek. Kontrol gehiago ezarri zuten zelai erdian, Racing bere zelai zatian sartu zuten, eta kornerretan eta faltetan gola sartzear izan ziren nafarrak. Camachoren aldaketek taldea hautsita utzi zuten, ordea. Arriskatu beharra zeukan Osasunak, baina erasoko bost jokalari zelaian jartzeak ez zion mesederik egin ordura arte ere kaskar samarra zen jokoari.

Min egiten duen porrota

Zelai erdian aise eta eroso ari ziren Colsa, Lacen, Canales eta enparauak, Nekunam erdiko atzelari lanetan izanik Ruperren kontra soilik ari baitziren. Eta Pandianik golen bat sartzeko aukerak izan zituen, baina aukera argienak Racingenak izan ziren berriz. Munitisek hiru aukera argi alferrik galdu zituen, Canalesek hirugarrena lortu aurretik. Falta jaurtiketa bidez sartu zuen Canalesek gola. Ondotik Tchitek beste bi aukera on izan zituen. 0-3koa latza da, baina are eta gogorragoa izan zitekeen jipoia, Racingekoek apur bat gehiago asmatu izan balute.

Historian seigarren aldiz Kopako finalerdiak jokatu nahi zituen Osasunak, baina hori ez lortzea baino kezkagarriagoa da atzo taldeak erakutsi zuen ezintasuna. Partida garrantzitsua zen. Hala saldu zuten Osasunako kide guztiek: bai entrenatzaileak, bai presidenteak, bai jokalariek, baita zaleek ere. Baina atzo erakutsitako kemenik eza kezkatzekoa izan zen. Kopatik at geratzea baino gogorragoa izan zen kanpoan geratzeko era. Min egiten duten porrot horietakoa izan zen. Zale askok, ordu erdi lehenago harmailak utzi, eta etxera joatea erabaki zuten. Partida amaieran hegoaldeko harmaila soilik zen itxura antzean. Harmaila nagusian Santandertik etorritako 300 lagunen festa ikusgarria zen, baina etxeko zaleek aspaldi erabaki zuten zelaia uztea. Burumakur aldegin zuten, jokalariek bezalaxe. Lehenbailehen ahaztu beharko dute gorritxoek atzokoa.



Osasuna 0

Racing 3

Osasuna. Roberto; Azpilikueta, Sergio, Josetxo (Juanfran, 57. min.), Monreal; Masud (Calleja, 73. min.), Nekuman, Ruper, Camuñas (Galan, 57. min.); Pandiani eta Aranda.

Racing. Roberto; Christian (Oriol, 26. min.) (Moraton, 67. min.), Torrejon, Henrique, Pinillos; Munitis, Colsa, Lacen, Serrano; Canales eta Xisco (Tchite, 65. min.).

Golak. 0-1. Xiscok (6. min.); 0-2. Henriquek (23. min.); 0-3. Canalesek (82. min.).

Epailea. Turienzo Alvarez. Txartel horia Osasunako Monreali, Arandari eta Sergiori; eta Racingeko Serranori, Henriqueri eta Moratoni.

Bestelakoak. 13.126 lagun bildu ziren Nafarroako Erresumako harmailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.