Euskal selekzioko bigarren entrenatzailea

Mikel Labaka: «Ametsa litzateke ofizialtasuna lortzea, baina ez dut utopia gisa ikusten»

Euskal selekzioarekin zortzi aldiz lehiatu zen Labaka, eta aulkian eseriko da orain, Jagoba Arrasateren laguntzaile. Larunbatekoa «konnotazio bereziak» dituen partida izaki, ilusioz hartuko du kargua. Jokalari gehienek beso zabalik hartu dute deia.

Mikel Labaka, euskal selekzioko bigarren entrenatzailea. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
Azpeitia
2025eko azaroaren 10a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbolari lotuta bizi osoa eman ondotik, joan den ekainean aldendu zen zelaietatik Mikel Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980). Realean Imanol Alguacilen ondoan luzaroan jardun eta gero, atseden apur bat hartu asmotan zen, baina berriro aulkian eseriko da, «okasioak merezi duelako». Besteak beste, Jagoba Arrasate entrenatzailearen laguntzaile lanak egingo ditu euskal selekzioak Palestinaren aurka jokatuko duen partidan, larunbat honetan, San Mamesen. Ilusioz eta motibazioz gainezka dago, ez baita neurketa soil bat izango. Bi aldarri izango dira lehian; «lehentasunezkoa»: Palestinari bultzada ematea. Ofizialtasunaren bidean ere «urrats garrantzitsua» egingo da larunbatean.

Badira aste batzuk euskal selekzioaren eta Palestinaren partidaren berri eman zela, eta sartu gara jada azken astean. Zer giro sumatzen duzu?

Partida hurbiltzen ari den heinean, nabaritzen dut inguruan jendea gogotsu dagoela larunbaterako. Sarrera ia denak salduta egonik, San Mames gainezka egongo da; kalean ere aldarriak ez dira faltako, eta sintoma positiboa da hori. Ni neu ilusio handiz nago euskal selekzioaren parte izango naizelako. Jokalari zein entrenatzaile gisa gauza handia da gure koloreak ordezkatzea.

Entrenatzailearen laguntzaile izateko deiak ezustean harrapatu al zintuen? Zerk bultzatu zaitu baiezkoa ematera?

Azken hilabete hauetan futboletik distantzia apur bat hartuta egon naiz, baina Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak deitu zidan Palestinaren aurkako partida antolatzen ari zirela, eta ea prest ote nengoen laguntzeko. Ordurako erabaki samar zegoen Jagoba Arrasate izango zela entrenatzailea, eta nik Jagobari berari deitu nion, harreman estua baitugu. Biok elkar animatu genuen, eta iruditu zitzaigun aukera ona zela ekarpen bat egiteko ofizialtasunaren bidean. Horretaz gain, partida hau Palestinaren aurka izanda, edo Palestinaren alde hobeto esanda, motibatzen gintuen aulkian esertzeak. Konnotazio bereziak ditu partidak.

Estimatzekoa da zure konpromisoa, baita Arrasaterena ere.

Gaur egun Lehen Mailako entrenatzaile batek daukan lan karga aintzat hartuta, euskal selekzioari baiezkoa ematea gauza ederra da. Gainera, emaitzak ez ditu lagun Mallorcak, eta Arrasatek erakutsi du konpromiso erraldoia daukala gure selekzioaren alde. Gure selekzioa aurrera aterako bada eta ofiziala izango bada, jende askoren lana eta jende askoren konpromisoa beharko da, eta eredugarria da Jagobaren jarrera.

Jagobak publikoki esana du bere ametsen artean dagoela euskal selekzioaren ofizialtasuna. Zuk ere amets egiten al duzu horrekin?

Ilusio ikaragarria egingo lidake, eta baikorra izan nahi dut. Iruditzen zait denok gure partetik ahalegin txiki bat egiten badugu posible izango litzatekeela ofizialtasuna lortzea. Ikusi ditugu pilotariak euskal selekzioa ordezkatzen, ardi moztaileak ere bai. Beste kirol batzuetan pausoak ematen ari dira; horrek bide bat irekitzen digu, eta eurengandik ikasi behar dugu. Niretzat, ametsa litzateke ofizialtasuna lortzea, baina ez dut utopia gisa ikusten; benetan gauzatu daitekeela iruditzen zait.

Ofizialtasunari helduko diogu geroago, baina lehentasuna Palestinak du, ezta?

Genozidio bati buruz hizketan ari garenean, lehenik eta behin fokua hor jarri behar da. Gure alea jarri behar dugu genozidio hori geldiarazteko, bakoitzak bere esparrutik. Palestinar herriari gure gertutasuna eta elkartasuna adierazi behar diogu, eta, futbolak duen oihartzun zabala kontuan hartuta, partida hau bide egokia izan daiteke nahi dugun hori transmititzeko.

«Palestinar herriari gure gertutasuna eta elkartasuna adierazi behar diogu, eta, futbolak duen oihartzun zabala kontuan hartuta, partida hau bide egokia izan daiteke nahi dugun hori transmititzeko»

Palestinako inorekin hitz egin al duzu?

Telefonoz Palestinako ordezkari batzuekin hitz egin dut, eta bi gauza nabarmentzen dituzte. Batetik, ilusioz eta eskertuta daude Euskal Herriak erakusten dien elkartasuna ikusita. Muturreko egoera batean egonik, keinu txiki hauek argi izpiak dira haientzat. Zoritxarrez, futbol partida bat ez da aski izango bizitzen ari diren genozidioa geldiarazteko, baina gutxienez berotasuna emango diegu. Sarritan hain hotz izaten garen gizarte honetan halako keinuek asko balio dute. Eta, bestetik, kirol arloari erreparatuta, Arabiako Kopa prestatzen ari dira, partida garrantzitsu bat dute datorren astean, eta lagunarteko hau jokatzeak mesede egingo die prestaketa lanetan. San Mames bezalako zelai batean aritzea proba bat da haientzat, baita pizgarri ere.

Euskal selekzioarentzat ere pizgarria izango da partida. Mugarria izan al daiteke larunbatekoa?

Munduari erakutsi nahi diogu hemen badela herri bat oraindik ere kirol mapan agertzen ez dena eta bere selekzioa ordezkatzeko aukerarik ez duena. Munduan oihartzuna izan dezake larunbateko partidak, eta aukera aparta da gure nahiak defendatzeko.

«Iruditzen zait herriak hartu behar duela gidaritza eta herriak adierazi behar duela bere burua ordezkatuta ikusi nahi duela. Herri aktibazio hori oso garrantzitsua da»

Ofizialtasunaren bidean, herriaren indarra nabarmentzen duzu batez ere.

Iruditzen zait herriak hartu behar duela gidaritza eta herriak adierazi behar duela bere burua ordezkatuta ikusi nahi duela. Herri aktibazio hori oso garrantzitsua da, eta gero, gaia ongi bideratuko duen federazio baten beharra dago. Alde horretatik, osatu berri den futbol federazio hau ofizialtasunerako erabakimenez dago, eta hori oso positiboa da. Eta, noski, politikariak ere ildo horretan behar ditugu gure nahia lortuko bada. Gure mahaiak hanka ugari ditu, eta hanka guztiak norabide berean jarri behar ditugu.

Iruditzen zaizu azken urteetan lehorte handia izan dela selekzioaren inguruan?

Urte gorabeheratsuak izan dira, eta zilegi litzateke beherakada bat egon dela esatea. Horrek ekartzen du, nahi gabe ere, gure selekzioa ez den beste selekzio batzuen partidak ikustea. Eta ez ikustea bakarrik, gureak bezala balira sentitzea. Horregatik, garrantzitsua da euskal selekzioaren presentzia, gazteenek helduleku hori izan dezaten.

Gero eta haur gehiago ikusten dira kalean beste selekzio batzuetako elastikoak jantzita. Testuinguru kezkagarrian barneratuta al gaude?

Naturalena izango litzateke nork bere selekzioa bizitzeko eta animatzeko aukera izatea. Guk ez daukagu gure selekzioa txapelketa ofizialetan ikusteko aukerarik. Horrek eramaten gaitu txapelketa horietan beste selekzio baten alde egitera, eta normalean ezagun gehien ditugun selekzioaren alde egiten dugu, geure sentitzeraino. Batzuetan, konturatu ere egin gabe. Nik defendatzen dut bakoitzak nahi duen selekzioa hautatzea, baina ez dut natural ikusten guri ofizialki aukera hori ukatzea. Aukera oro ez bada mahai gainean jartzen, desnaturalizatu egiten da dena.

Bigarren entrenatzaile zaren aldetik, deialdia osatzen jardungo zinen buru-belarri. Zaila izan al da deialdi duin bat egitea?

Hasteko, Mikel de Gregorio federazioko kirol zuzendariaren lana goraipatu nahi nuke, deialdia osatzen lan handia egin baitu. Hori esanda, partida testuinguruan jarri nahi nuke, eta testuingurua zera da: Lehen Maila oso saturatuta dagoela, gainezka. Jokalariek lan karga ikaragarria dute, eta ezinbestekoa da denen egoera fisikoa zaintzea. Logikoa den bezala, partida bat gehiago jokatu beharrak kezka sortzen die jokalari eta klubei. Horrek ez ditu gauzak errazten, baina testuingurua horixe da. Min hartutako jokalariak ere badira tartean. Hori bai, nabaritu dugu jarrera oso ona dagoela jokalarien artean gure selekziora etortzeko. Klubek ere badute sentsibilitate bat. Hori guztia esanda, bi egoera bereiziko nituzke. Badaude gugana etortzeko nagi gehixeago eduki dezaketenak; horiei esan diegu konpromiso bati buruz ari garela hizketan, eta ofizial izango bagara denon beharra dugula. Eta badaude gure koloreak bere sentitzen ez dituztenak, eta, zintzoki, horien erabakia errespetatzen eta babesten dugu. Aldi berean, eskatzen dugu beste selekzioek ere gauza bera egin dezatela, inor derrigortu gabe.

Izenik ez dizugu eskatuko, baina denetariko kasuak izan al dituzue?

Izenez baino gehiago, egoerez hitz egin beharko genuke, eta naturaltasunez onartu egoera guztiak. Zorionez, gehienek ilusioz jokatuko lukete euskal selekzioarekin. Tartean badira nagi gehixeago dutenak, eta badaude etorri nahi ez dutenak. Azken horiek babesten ditugu, eta zalantzati daudenei konpromisoari buruz hitz egiten diegu. Jagoba Arrasate da eredurik onena.

Federazioak dei egin du larunbatean zelaiak hustu eta Bilbo betetzeko.

Euskal Herriko futbol klub guztiek izugarrizko lana egiten dute, eta bada jende asko borondatez lanean ari dena gure futbolaren alde. Eskertu nahi nuke jende horren lan nekaezina. Eta federazioak egiten duen deia normaltzat hartzen dut. Izan ere, ofizialtasunaren bidean egun garrantzitsua da larunbatekoa, herri aktibazio bat behar dugu, eta, San Mames betetzeak ez ezik, Bilboko kaleak gainezka jartzeak indar handia emango liguke. Beraz, zentzuzkoa da federazioak egin duen deia, larunbat arratsaldea libre utzi eta partidak beste egunetan jartzen saiatzeko.

Aste honetako olatua joaten denean, funtsezkoa izango da ofizialtasunaren bideari jarraipena ematea.

Dudarik gabe. Partida bati begira lan asko egiten dugu, baina igandetik aurrera ere ikusi behar da lan horren garrantzia. Bide zail bezain itxaropentsua daukagu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.