Amets egiteko denboraldi baten atarian dago Beti Onak

Atarrabiako taldeak Europan jokatuko du lehen aldiz, eta erronkari aurre egiteko, taldearen egitura orokorra mantendu du. Gainera, hiru jokalari berri izango dira taldean.

Beti Onak taldeko jokalariak eta teknikariak entrenamendua hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beti Onak taldeko jokalariak eta teknikariak entrenamendua hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko uztailaren 29a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Beti Onak taldearentzat oso berezia izango da hastera doan sasoia. Izan ere, joan den denboraldian Espainiako Kopan bigarren postuan geratu ostean, Europako Kopan arituko da oraingoan. Bere historian lehen aldiz ariko da Europako lehiaketa batean. Gauzak horrela, ilusioz, erronkaz eta exijentziaz beteriko denboraldi baten atarian dago Nafarroako taldea. Atzo hasi ziren ametsetako denboraldia prestatzen, denboraldiaurreko lehen eguna izan baitzuten.

2024-2025eko denboraldia klubaren historiako onenetako bat izan zela esan daiteke. Ligan lehen itzuli bikaina egin zuten, eta estreinakoz sailkatu ziren Espainiako Kopa jokatzeko. Txapelketa horretan ezustekoa eman zuten. Finalerdietan Guardes kanporatu zuten, ligan lehen postuan zegoen taldea; finalerdietan, berriz, Granollers, Koparen antolatzailea. Finalean Bera Beraren aurka lehiatu ziren, eta, galdu arren, bigarren postuak Europarako sailkatzeko balio izan die. Atarrabiako taldeak ligaren bigarren zatian behera egin bazuen ere, kategoriari eustea lortu zuen azken jardunaldian, Guardesi gol bakar baten aldeaz irabazi ostean.

Datorren denboraldiak dakartzan erronkei aurre egiteko, taldeko egitura orokorra mantentzea lortu dute nafarrek, eta hamabost jokalarik berritu dute kontratua. Horien artean daude Olaia Luzuriaga, Maca Sans, Estitxu Rodriguez, Ayelen Garcia, Isi Fernandez Agusti, Nerea Canas, Patricia Encinas eta Libe Arruabarrena. Miguel Etxeberria entrenatzaileak ere beste denboraldi batez berritu du bere kontratua.

Taldea indartzeko asmotan, hiru fitxaketa egin ditu Nafarroako taldeak: Elsa Ventura erdikoa, eta Maialen Orbañanos eta Micaela Casasola albokoak. Ventura harrobian hazitako jokalaria da, eta azken zazpi denboraldiak Madrilgo Ikasa taldean jokatu ditu. Maialen Orbañanos, berriz, Zuazo taldetik iritsi da Atarrabiara. Oriokoa da sortzez. Espainiako Ohorezko Mailan lehen denboraldia izan badu ere, urte bikaina egin du, 79 gol sartuta. Micaela Casasolak badaki zer den Europako Kopan lehiatzea, Porriño taldearekin lehiaketako txapeldunorde geratu baitzen 2024-2025eko denboraldian. Horrez gain, Argentinako selekzioan ere jokatzen du Casasolak.

Bada, ordea, taldean jarraituko ez duenik ere. Valeska Lovera jokalaria Aula Cultural Valladolid taldean arituko da. Talde horretan bertan aritu zen Lovera 2016 eta 2018 bitartean. Eider Hernandezek Zuazon jokatuko du. Adriana Mallo, berriz, etxera itzuli da, Galiziako Porriño taldearekin fitxatu baitu.

Datozen lehiaketak

Irailaren 27an hasiko dute nafarrek Europako ibilbidea. Ukrainako HC Galitzia taldea izango dute aurrean, nazioarteko lehiaketetan jokatzen ohituta dagoen taldea. Joan den denboraldian sei partida jokatu zituzten ukrainarrek Europako Kopan: horietatik lau irabazi zituzten, eta bi galdu. Joaneko partida Atarrabian izango da, eta itzulikoa, berriz, Leopolisen, urriaren 5ean. Europako hirugarren lehiaketa jokatuko du Atarrabiako taldeak, Elx eta Malagarekin batera. Beti Onak izango da, 2013an desagertu zen Itxakoren ondoren, Europa mailako lehiaketa batean ariko den Nafarroako lehen emakumezko taldea.

Ligari, berriz, abuztuaren 30ean ekingo diote. Malagaren aurka arituko dira Atarrabian. Bigarren jardunaldian, Valladolidera bidaiatuko dute, irailaren 3an, asteazkenean. Ligako bigarren jardunaldia ez da asteburuan jokatuko; izan ere, irailaren 6ko eta 7ko asteburuan Iberiar Superkopa jokatuko dute. Bertan izango da Beti Onak, lehen aldiz. Lehiaketa horretan, Portugalgo eta Espainiako ligetako txapeldunek —Benfica eta Bera Bera— eta Portugalgo eta Espainiako kopetako txapeldunek —Madeira eta Bera Bera— hartu ohi dute parte. Bera Berak liga eta Kopa irabazi dituenez, Beti Onak arituko da Iberiar Superkopan, Kopan txapeldunorde izan baitzen. Nafarroako taldeak ongi aprobetxatu beharko ditu prestakuntza aste hauek, datorkion denboraldi polit bezain zailari aurre egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.