Ametsa egia bihurtu du

Imanol Ansa da erremonteko buruz buruko txapeldun berria. Uste baino errazago irabazi dio Aritz Juaneneari: 30-17, hain zuzen ere

Imanol Ansa atzo egindako tantoetako bat ospatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon eskudero
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bazekiten zerbait erremonte adituek, aspalditik esaten baitzuten Imanol Ansak jantziko zuela egunen batean buruz buruko txapela. Besteak beste, gorengo mailan aritzeko gaitasun berezia duela guztiek aintzat jotzen baitzuten. Bada, egun handia atzo bizi ahal izan zuen Urnietako gazteak, final ona jokatu eta uste baino erosoago irabazi baitzion Aritz Juaneneari: 30 eta 17. Sakean egindako lan onari eta batez ere arlo fisikoari esker, hasi eta buka gehiago izan zen Ansa, eta merezita bururatu zuen txapela, lehenengo aldiz. Lehen zatian paretsu joan zen partida, baina bigarrenean hautsi zuen lehia txapeldunak. Irabazteko beldurrak eta mamuak alde batera utzita, buru hotza eta sendotasuna baliatu zituen, eta garaipenak ez zion ihes egin. Hainbeste aldiz podiumaren gorenetik gertu egon eta gero, azkenean jaso zituen lanaren fruituak. «Inguruan ditudan guztiei eman nahi dizkiet eskerrak. Garai zailetan haiek izan ditut ondoan, eta nigan sinesten zutenei esker naiz orain txapeldun. Eskertuta eta hunkituta nago».

Txapela jantzi ondorengo adierazpenetan onartu bezala, finala irabaziko zuela sinetsita kantxaratu zen Ansa, eta hasieratik lagundu zion konfiantzak. Lehen bi tantoak, esaterako, sakearekin egin zituen. Errestoan atzeko koadroetan geratzeko erabakia hartu zuen Juaneneak, eta ez zuen asmatu, bi errestoetan goiko koltxoira alde egin baitzion pilotak. Hori ikusita, aurrera jo zuen nafarrak, eta ez alferrik, orduantxe hasi baitziren jokoa ikusten zaleak. Joko lehiatua eta ona, gainera. Tanto gehienak hamar pilotakada ingurukoak izan ziren, eta nor baino nor gehiago aritu ziren bi pilotariak, nork elkar hautsiko. Biek ala biek metro asko egin behar izan zituzten pilotalekuan zehar, eta ikusten zen hauspoak berebiziko garrantzia izango zuela. Sufrimenduaren poderioz, Ansari parean eutsi zion Juaneneak. Bosna eta seina berdin joan ziren.

Ordea, freskoago eta aurpegi hobearekin sumatzen zen Ansa, eta pixkanaka markagailuan aldea handitzen hasi zen.

Oso tanto gogorrak izan ziren tartean, baina guztiak Ansaren alde izan ziren. Zorteak ere lagundu zion pare bat aldiz: 9-6 eta 13-8. Bere lana ongi egiten ari zen Juanenea, baina aitzakiaren bat jartzekotan, sakea zeukan gehiago baliatu beharra. Ez zuen batere asmatu lehen pilotakadarekin. «Arrastaka ibili naiz partida osoan. Ez dut gozatu, eta orain arteko maila eman ez izanak sortzen dit pena. Sakearekin min handiagoa egin beharra neukan bukaerara bizirik iristeko». Bada, Juaneneak sakea baliatu ez izana zinez estimatu zuen Ansak, errestoa egitea tokatzen zitzaion bakoitzean tantoa bere aldera joaten baitzen. Lan erdietan hiru tantoz aurretik zen txapelduna: 15-12.

Hauspoa, erabakigarri

Alde polita zen, baina ez erabakigarria. Ansak bazekien lanean zintzo jarraitu beharra zeukala, eta halaxe egin zuen. Bistakoa zen fisikoki gehiago zela, baina betiko zalantza zegoen Galarretako zaleen artean, ea irabazteko beldurrik ez ote zuen izango. Bada, iraganeko mamuek ez zuten inolako eraginik izan txapeldunarengan. Tanto bakoitzean arnasa lasai sakon hartu, intentsitaterik ez galdu eta txapeldun handi baten moduan jokatu zuen. Gain hartu zion Juaneneari. Konfiantza eta laineza sobera zituen gipuzkoarrak, eta irabazteaz gain, gozatzea lortu zuen. Juaneneak pare bat aukera izan zituen aldea murrizteko eta aurkariari presioa sartzeko, baina ez zuen asmatu. Hauspoz ere oso nekatua iritsi zen bukaerara.

Bideratuta zeukan finala ederki amaitu zuen Ansak, eta merezita igo zen lehenbizikoz podiumaren gorenera. Txapelen lehian bete-betean egongo dela baieztatu zuen. Haren hitzetan, mugarri izan daiteke txapela. «Txapel honek lasaitasuna eta konfiantza ematen dizkit, eta garaipen gosea daukat. Gehiago nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.