Ostegunean iritsi zitzaigun hainbeste urtez amestutako eguna, orain arte telebistaren bitartez ikusi izan dugun Kontxako Banderako bi igandeetan Erreka ontziarekin lehiatzeko aukera.
Zortzi urte pasatu dira San Juan azkenekoz Kontxan lehiatzen ikusi genuenetik, eta bitarte horretan denetarik bizi izan dugu gure inguruan. Baina momentua iritsi zitzaigun eta jakin genuen horri eusten.
Igandean, goizean goizetik urduritasun puntu hori soinean izanik, gogotsu bertaratu ginen denok. Ontzia uretaratu eta buru-belarri jardun genuen: gure lana ahalik eta hobekien egin eta zazpigarren postua eskuratu genuen. Txanden arteko desberdintasuna nabarmendu zen arren, gure lanarekin oso gustura bukatu genuen, egin beharrekoak ongi egin baikenituen.
Estropadak sorturiko poztasun eta ilusio horrekin hurbildu ginen portu barnealdera, eta gauzak aldatu ziren han. Hainbeste urtez itxaroten egon ginen momentua ukatu ziguten: ontzitik jaitsi eta arrapala igotzeko aukera, herria gertu sentitzeko. Segurtasun arrazoiengatik dela diote batzuek, baina txantxa gutxi, betetzen ez bada izugarrizko isunak jartzen baitituzte (500 euro ala 1.000 euro).
Trainerua garabi batekin igo ondoren, zaleekin egon ahal izateko, arrapalatik gugana etortzeko denbora igaro ostean, hesi batzuen atzean elkartu behar izan genuen haiekin, segurtasuna dela medio berriro ere. Penagarria benetan.
Hala ere, erabaki horiei guztiei buelta batzuk eman behar zaizkiela jakinik, jaramon handirik egin gabe, gure momentuaz gozatu genuen, batez ere taldekook. Izan ere, ontziko hamalau arraunlarietatik bi soilik ziren jokatuak aurretik Kontxako igande batean. Ilusioz beteriko eguna izan zen, beraz.