Deportivori irabaztea eta Realak Montjuicen ez galtzea. Hori behar duAlavesek, mailari eusteko igor susaeta
Gasteiz
Deportivori irabazi. Zeledonen espirituarekin, 'mertzenarioen' espirituarekin (jokalariak), edota Espiritu Santuaren beraren laguntzarekin, baina Deportivo mendean hartu. 1-0 eskas batekin, gaizki jokatuz, penaltiz, edota arauzko denbora behin bete ondoren ipurdiarekin sartutako gol bati esker, baina hiru puntuak poltsikoratu. Eta itxaron, ea Montjuicen, Espanyolen eta Realaren arteko lehia erabakigarrian, zer gertatzen den.
Realak berdindu edo irabaz dezala. Realeko jokalariak goitik beherako profesionalak direlako, Jose Mari Bakero entrenatzaileak dioen moduan karta jokoan galtzea ere ez zaielako gustatzen, Pitermanen eskupeko oparoa jaso dutelako, edota Espanyol kontrarioaren atea zulatzeko gai ez delako. Baina Lotinak zuzentzen duen taldeak ez dezala partida inolaz ere irabazi. Berdin du nola edo zergatik gertatzen den. Hori bai: Alavesek irabaz dezala, eta Realak anaitasun keinu bat egin diezaiola. Eskupekoekin edo gabe. Besterik ez.
Aipatutako guztia goitik behera betetzen baldin bada, Alavesek Espainiako Ligako Lehenengo Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Bestela ez. Zaila dirudi aurrenekoa gertatzea, baina gauza arraroagoak ikusi dira futbolean. Mirariaren traza zutenak ere bai. Egia esan, Alavesek mailari eustea miraria litzateke ia. Izan ere, berea egiteaz gain, Realaren anaitasun keinuaren zain egon beharko du. Noiz, eta Realak, izugarri sufritu ondoren, mailari eustea lortu duenean.
Merezita edo merezi gabe, baina aipatutakoa da egia bakarra, Ligako azken jardunaldiaren atarian. Beste jardunaldi batzuetan ez bezala, dena eman edota dena kentzen duten puntuak egongo dira gaur jokoan. Beste partida batzuek finalen itxura eduki dute, baina gaurkoak, itxuraz gain, finalaren osagai guztiak ditu.
Finalari aurre egiteko, baina, Pitermanek ohiko hamaikakoa itxuraldatu beharko du. Costanzo eta De Lucas zigortuta daude. Aloisik, berriz, oin-zola mindu zuen iragan igandean Zaragozaren kontra, eta gaur ezin izango du jokatu. Hartara, Romaredan ez bezala, Mena ariko da zelai erdiaren eskuin hegaletik, Jandroren kaltean. Aurrelari australiarren tokian, ordea, orain gutxi arte baztertuta egondako Ruben Navarrok jokatuko du. Harritzekoa bada ere, Pacheco uruguaiarra deialdian sartu du Piterman ahalguztidunak. Mendizorrotza behingoz betetzeko ahaleginean, bazkide bakoitzak nahi adina sarrera erosi ahal izango ditu. Horietako bakoitza bost euroan salduko da.
GIRO NAHASIA DEPORTIVON. Ez da giro A Coruña aldean. Joaquin Caparros entrenatzailea badoala edo ez doala... Coloccini ere mintzatu da hedabideen aurrean. Sua itzali ez,hauspoaren modura aritu da. Bere adierazpenei esker, suak indar handiagoa hartu du. Izan ere, sasoiaren hasieratik gauza arraroak nabaritzen dituela aitortu du. Kontuak kontu, Deportivo Intertoto Koparako sailkatuko da, gaur irabazten baldin badu, behintzat. Urzaizi entzunda, txarra edo onada hori?
Amildegian dantzan
Deportivori irabaztea eta Realak Montjuicen ez galtzea. Hori behar du Alavesek, mailari eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu