Etapa mugitua izan da Emakumeen Birakoa, saio osoan erasoak izan baitira. Azkenean, bederatzi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia, eta balekoa izan da haien ahalegina, elkarrekin iritsi baitira helmugara. Esprintean, Amy Pieters izan da azkarrena, Emilia Fahlin (Wiggle) eta Clara Koppenburgen aurretik (Cervelo). Bi minutura iritsi da faboritoen tropela.
Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik lehen postuan, Van Vleutenek jarraitzen baitu lider. Georgia Williams taldekidea du orain atzetik, hiru segundora besterik ez. Hamabira dago, berriz, Anna van der Breggen (Boels). Ezusterik ezean, hiru txirrindulari horien artean egongo da aurtengo Birako irabazlea.
Gaur jokatuko da azken etapa, Iurreta-Iurreta, 120 kilometrokoa. Etapa gogorra da, txirrindulariek hiru mendate igoko baitituzte: Duña Gane bigarren mailakoa eta Urkiola lehen mailakoa, azken hori bi aldiz.