PILOTA. LAU T'ERDIKO TXAPELKETAKO FINALA. ANALISIA

Adi hasierari

Oinatz Bengoetxea.
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Atanon egongo naiz gaur, harmailetatik finala ikusten. Gustuko dut finaletara joatea, giro berezi hori... Normalean jokatzen ez ditudan finaletara ere joaten naiz. Eta finalaren ondoren Leitzan antolatu duten afarian izena eman dut. Abel finalean dago, eta herriko kaleetan asko hitz egiten du jendeak gaurkoaz. Leitzarrik ez da faltako Atanon, eta ni tartean. Bi finalistekin primeran konpontzen naiz, lagunak ditut, baina pixka bat Abelen alde nago, herrikoa da, gertukoa, badakizue...

Finalean, nire iritziz, txapelketa onena egin duten bi pilotariek egingo dute topo, eta partida gogor eta luzea izango dela uste dut. Irujo da faborito apustuetan, eta ulertzen dut, berak irabazi zuelako finalerdietako partida. Baina kontuz Barriolarekin. Nik haren aurka jokatu nuen txapelketan, eta lesioaren aurretik bezain ondo dagoela uste dut. Aurrekoan berarekin hitz egin, eta ezetz zioen, falta zitzaiola oraindik. Bada ni, kantxan nola mugitzen den ikusita,ez naiz iritzi berekoa.

Jokatzeko bi moduren arteko lehia izango da, Irujok errematea bilatuko du, eta Barriolak luze jokatzea. Hor partidaren hasierak garrantzi handia izango du, bere estiloa inposatzen duenak asko egina izango baitu. Lan horretan nabarmentzekoa da nola sakatu duen Barriolak txapelketa guztian. Abiada hartzen duen unetik ia dena egiten du ondo, eta gaur beharko du ondo sakatu Irujori aurre egiteko. Pilota gurutzatu beharko dio, airez sar ez dadin. Ez badu lortzen, zail izango du irabaztea, Irujo pilotari galanta baita.

Barriolak azken finalak galdu dituela gogoratu dit kazetariak, eta Irujok lau t'erdiko azken biak, baina niretzat horrek ez du garrantzirik. Final batean kantxara irtetean pasatutakoek ez dute eraginik, dena berria da. Partida guztiak dira desberdinak, eta final bat, are gehiago. Hor aurrekoak desagertu egiten dira, eta berdin dio irabazi edo galdu egin dituzun, edo zein den faborito. Ziur nago partida ona izango dela, eta ikuskizun bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.