Nahi izatearen eta behar izatearen artean alde handia dago. Hasteko, zerrendatu egin beharko genituzke. Hau da, baterako zein besterako ditugun lehentasunak ezarri. Fitxaketak egitean, adibidez, behar duzunaren arabera jotzen duzu merkatura, baina gutxi batzuetan aukeratu ahal izaten duzu nahi izaten duzuna, zure lehentasun nagusia. Ameriketako Estatu Batuak da horren adibide, nahiak eta beharrak bat egiten dute askotan toki berean.
Fitxen mugimendua
NBAn egoera hori biderkatu egiten da, mugara arte eramaten da; oso basatia da alde horretatik. Bestelako liga eta kirol batzuetan jokalariak zeresana izaten du mugimenduetan; NBAn, berriz, eskuak lotuak izaten dituzte jokalari gehienek. Fitxa hutsak dira, alde batetik bestera mugitzen dituztenak. Egun batean hiri edo talde batean zaude, eta hurrengoan, beste batean. Agurtzeko denborarik gabe, arrazoirik eman barik.
Izarrek, dena den, badituzte presioa egiteko moduak. Prentsara filtrazioak egiten dituzte, sare sozialetan mezuak jartzen dituzte, edo ez dituzte hainbat partida jokatzen, ustez min hartuta daudelako. NBAn denetik ikusi da. Joan den astean amaitu zen taldeetan aldaketak egiteko epea. Espero zen Giannis Antetokounmpok Milwaukeen ez jarraitzea. Baina bertan segituko du, gutxienez udara arte. Greziarrak ondorengoa idatzi zuen sare sozialetan: «Izarrek ez dute bilatzen, erakarri egiten dute». Antetokounmpo 2013an iritsi zen NBAra, eta Milwaukeen jokatu du bakarrik. Ikusteko dago, ordea, taldearen jabeek zer erabaki hartzen duten haren inguruan. Izan ere, nahiak eta beharrak batzuetan ez datoz bat.
James Harden da beste adibide bat. Aurrerantzean Cleveland Cavaliersen jokatuko du. Donovan Mitchell eta beste hainbat ere ezin ditugu ahaztu. Hardenen kasuan, ikusi da eraztuna irabazteko beharra duela, baina taldeek ez dute haren beharrik. Eraztunik ez duten izarren zerrendan ageri den jokalarietako bat da. John Stockton, Karl Malone, Allen Iverson, Patrick Ewing eta Charles Barkley daude zerrenda horretan, besteak beste. Hardenek 36 urte ditu dagoeneko, eta, zalantzarik gabe, NBAn dagoen jokatzeko modua aldatu du. Hark albo batera egiten duen jauzia—stepback— betirako geratuko da gure artean. Gaur egungo saskibaloian gehien erabiltzen diren mugimenduetako bat da. Baina kasu honetan ere ikusi beharko da Hardenen nahia eta Clevelanden beharra bat datozen.Â
Elkargunea
Izarrak, eraztunak, boterea… Dena elkartzen da Los Angelesen. Hain zuzen ere, Lakers da udan Antetokounmpo fitxatu dezaketen taldeetako bat. Nahi eta behar gehien duten taldeetako bat da. Izarren gaua, ordea, Clippersen kantxan jokatuko dute asteburuan. Hor ere zerrendak izan dira protagonista. Adam Silverrek garai bateko lehiakortasuna eta ikusgarritasuna eman nahi dio. Izan ere, hirukoen eta birrintzeen txapelketek ere ez dute izar handirik erakartzen. Pentsa, hirukoen lehiaketan Damian Lillardek parte hartuko du, denboraldi osoa min hartuta daraman jokalari batek. 2022ko eta 2023ko irabazleak ere lehiatuko dira; Tyler Herro—iazko txapelduna—, aldiz, ez.Â
Silverrek askotariko saiakerak egin izan ditu jokalarien eta ikusleen arreta erakarri nahian. Aurten jokatzeko eredua aldatu du. Munduaren egoera ikusita, ezin aproposagoa da. Hiru talde arituko dira, eta bakoitza gutxienez zortzi jokalariz osatuta egongo da. Bi talde AEBetako jokalariz osatuta egongo dira;Â bestea, berriz, mundu osoko jokalariz. Hamabi minutuko hiru partida jokatuko dituzte elkarren aurka, eta emaitza onenak lortzen dituzten bi taldeek finala jokatuko dute.
Aldatu ez dena jokalariak hautatzeko modua izan da, bozketa bidez egin baita. Oraingoan ere jarraitzaileek, jokalariek eta entrenatzaileek bozkatu dute. Ez dute kontuan hartu jokalarien posizioa. Egungo saskibaloira egokitu dira, ez dago barruko edo kanpoko jokalaririk: denek jaurtitzen dituzte hirukoak. Silverren enegarren hirukoa da, eta helburu argia dauka: mundu osoko ikusleak erakartzea.