Eguzkipean egin dituzte aurtengo Itzuliko egun gehienak. Azken etapan egin du agerpena euriak, esanaz bezala: «Zer uste zenuten, nire bustiduraren laztanik gabe amaituko zenutela aurtengoa?». Eta euriak eta hotzak eta haizeak puntu epikoa eman diote agur etapari, ikus-entzulearentzat txirrindulariarentzat berarentzat baino dezentez ederragoa izan den etapari. Agur-etapa gogorra eta ederra, edonola ere.
Itxura batean, gorputzean itsatsitako hotz-umelak gainetik kentzeko joko zuen erasoa Seixasek Gorlan gora. Berotualditxoa hartzeaz eta erakustalditxoa emateaz gain, ezer gutxirako balio izan baitio azken eguneko oldarraldiak. Hori bai, motorraren gainean ibili da Itzuli osoan zehar. Hainbat irudi eder eta hainbat proiekzio-ilusio utzi ditu frantziar gazteak zaleen gogoetan iltzatuta. Baita hainbat marka ere. Itzulia irabazi duen txirrindulari gazteena izatea, besteak beste, Bartali italiar historikoa gaindituta. 1935ean irabazi zuen hark Itzulia, 1936ko gerraren bezperatan, 21 urte zituela. Zenbaitek Pogacarrekin alderatu du dagoeneko Seixas, baina denborak zein berak egindako bideak erakutsiko dute zer-nolako txirrindularia den.
Agur hunkigarriena Ion Izagirrerena eta Pello Bilbaorena izan da, azken aldiz gurutzatu baitute Itzuliko helmuga bateko marra. Azken hamarkada eta erdian, euskal txirrindularitzari kalitatea ez ezik hura ulertzeko modu eredugarria eskaini diote, umiltasunean eta norbere ahalen neurrian ardaztuta. Lorratza utzi dute, eta, euskal txirrindularitzak unerik gozoenak bizi ez dituen arren, badatoz belaunaldi berriak: Arrieta, Beloki...