Hego Euskal Herrian bakarrik ez, Ameriketako Estatu Batuetan ere ari dira gutxieneko soldataren alde borrokatzen; WNBAn, zehazki. Grebaren mehatxupean, akordioa lortu dute azkenean. Denbora kontua zen.
Kantitatea eta kalitatea
Helburu nagusia, ordea, ez zen gutxieneko soldata eskuratzea. Soldatak, oro har, ligak jasotzen dituen diru sarrerekin orekatzea baizik. Ikaragarri hazi da WNBA azken urteetan, batez ere, Caitlin Clark jokalaria ligara heldu zenetik. Baina aurretik ere liga etengabe ari zen hazten. Hasieran ez zen errentagarria. Gaur egun, ordea, bai. Antzeko sistema erabili nahi du Adam Silver NBAko arduradun nagusiak Europan.
Duela urte batzuk emakumezko jokalari estatubatuarrek diru gehiago irabazten zuten Europan euren jaioterrian baino. Errusian ordaintzen zieten gehien, Ekaterinburg, Moskuko Spartak edo Dinamo Kursk taldeetan. Ukrainako gerra hasi zenetik, ordea, Turkiako taldeak dira indartsuenak diruz. Hala ere, jada ez datoz hainbeste izar AEBetatik Europara, are gutxiago iaz AEBetan bestelako txapelketa formatuak sortu zituztenetik: Unrivaled 3x3 liga, esate baterako. Orain ez dute Europara etorri beharrik.
Joan den astean lortu zuten akordioa hilabete askoren negoziazioen ostean. Greba egitea zegoen mahai gainean. Emakumezkoen kirol profesionalean lehen aldiz diru sarrerak ekitatiboki banatzeko sistema bat ondu dute. Taldeak 11 jokalarikoak izan beharrean, hamabikoak izango dira. Hala ere, diru kontuetan dago albiste nagusia. 2026an, gehienez izar batek 1,2 milioi dolar poltsikoratu ahalko ditu, eta 2032an 2,4 milioira heltzea aurreikusi dute. Gutxieneko soldatari dagokionez, 270.000 eta 300.000 euroren artean kokatu dute; ligan izandako esperientziaren araberakoa da hein batean. Sariak ere asko handituko dira. WNBAko jokalari txapeldunek ia hiru aldiz handiagoa izango dute beren ordainsaria: 22.000 dolarretik 60.000ra helduko dira. Orokorrean, ordainsariak, berdin dio taldekakoak edo banakakoak izan, ikaragarri hobetuko dituzte.
Horrez gain, orain arteko etxebizitzarako akordioak indartu dituzte, eta jokalari guztiek izango dute aukera etxea izateko. Orain arte ez bezala, haientzat espresuki antolatutako hegazkin bidaiak egingo dituzte partidetara joateko, eta ezingo da haurdun dagoen jokalari bat taldez aldatu haren oniritzia izan gabe.
Aldaketak
Europan ere akordioak aldaketa asko ekarriko ditu. Are gehiago hurrengo urteetan WNBA handituz doan heinean. 2030erako hemezortzi talde ariko dira WNBAn, azken sasoian baino sei gehiago. Iaz, Golden State izan zen berria; aurten, Toronto eta Portland izango dira; 2028an, Cleveland; 2029an, Detroit; eta 2030ean, Filadelfia. Horrek esan nahi du ligak askoz jokalari gehiago beharko dituela. Eta aukera gehiago izanda, Europara salto egiten duten jokalariek gero eta gehiago itxarongo diote WNBAn aritzeko ametsari.
Europatik ere gero eta jokalari gehiagok egingo dute jauzia. Orain arte asko izan dira aurrerapausoa eman ez dutenak, baina baldintza berriak aprobetxatu beharrekoak dira. WNBA batez ere udaberrian eta udan jokatzen da. Udan, Europako Txapelketak jokatu izan dira, eta jokalari askok nahiago izan dute euren herrialdearekin jokatu AEBetara joan baino. Orain, aldiz, etenaldiak eta guzti daude. Aurten, adibidez, Munduko Txapelketa dago irail hasieran Alemanian. Gainera, WNBAn oraindik ez daude NBAn bezain ondo ikusiak jokalari europarrak.
Apirilaren 13an egingo dute WNBA draft zozketa, eta Awa Fam kataluniarra da lehen postua lortzeko hautagai nagusia. Bi talde berri egongo direnez, aukera gehiago egongo da, eta Torontok eta Portlandek eskua sartuko dute. Frankizia bakoitzak bost jokalariren fitxaketa eten ahalko du, eta beste batzuen gainean negoziatu beharreko baldintza jarri. Apirilaren 19an hasiko dituzte entrenamenduak, eta 25ean lagunartekoak. WNBA maiatzaren 8an hasiko da. Horren ondorioz, jokalari askok utziko dute euren taldea AEBetara joateko.