Denboraldiko azken euskal derbia jokatuko dute gaur Alavesek eta Athleticek, Mendizorrotzan. Espainiako Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, bost punturen aldea besterik ez dago bi taldeen artean: sailkapenean 36 puntu dituzte gasteiztarrek, eta 41 bilbotarrek. Zenbakiei begiratuta, bost puntu ez da tarte handia, baina egoera ezberdinean lehiatuko dira bi taldeak. Amildegiaren ertzean da Alaves, jaitsiera postuak bi puntura baizik ez baititu. Hortaz, hiru puntuak biltzea kasik derrigorrezkoa du etxeko taldeak. Athleticentzat ere partida garrantzitsua izango da. Irabaziz gero, jaitsieraren mehatxuari agur esango lioke behin betiko, eta, bide batez, datorren sasoian Europan jarduteko aukerarekin jarraituko luke. Hortaz, jokoan asko izango dute bi taldeek.
Quique Sanchez Floresen etorrerarekin batera, gorantz egin du Alavesen jokoak azken partidetan. Lehiakor aritu da taldea, jokalariek ez diote sinesteari utzi, eta emaitzak ere aldekoak izan dira. Besteak beste, azken sei partidetan bi garaipen, hiru berdinketa eta porrot bat izan dituzte arabarrek. Galdutako partida bakar hori Real Madrilen zelaian izan zen. Meritu handiko lana egin dute jokalariek oro har. Urrutira joan gabe, joan den jardunaldian emaitzari buelta emanda garaitu zuten Mallorca (2-1). Dena den, errealitateak dio jaitsiera postuen mehatxua soilik bi puntura dagoela, eta etxeko lanak berandu baino lehen egitea komeni zaio Alavesi.
Miraririk ezean, Lucas Boye gabe jardun beharko dute gasteiztarrek ligaren azken txanpan. Giharretako haustura bat du aurrelariak, eta hutsune garrantzitsua izango da entrenatzailearentzat. Halere, Toni Martinez sasoi betean dago, eta datuek halaxe baieztatzen dute. Azken sei partidetan bost gol sartu ditu. Athleticeko jokalari guztien artean ere ez dute marka hori ontzen. Hain zuzen, zuri-gorriek ere bost gol soilik egin dituzte azken sei partidetan. Sasoi honetan hamabost gol daramatza jada Toni Martinezek, konfiantzaz gainezka dago, eta hura izango da mehatxu nagusia Athleticen defentsako lerroarentzat. Protesoni ere min hartuta dago gaurko partidarako.
Gol gutxiko partida espero du Sanchez Floresek. «Derbietan, alde emozionala handiagoa izaten da, eta, horren ondorioz, jokalariak kontzentratuago egoten dira. Uste dut neurketa itxia izango dela, gol aukera gutxikoa». Entrenatzailearen esanetan, urduritasuna kudeatzea izango da gakoetako bat. «Tentsio handiko garaia da ligaren azken fasea, baina gure esku daukagu mailari eustea, eta hori pentsatu behar dugu. Sailkapenari ez diogu begiratu ere egin behar. Azken partidetako jokoari eusten badiogu, mailari eustea lortuko dugu».
Athleticen, denak prest
Athleticek onbidera itzultzea izango du helburu. Joan den jardunaldian Atletico Madrilen zelaian 3-2 galduta, kolpea hartu zuten zuri-gorriek, eta berriro ere etxetik kanpo jardutea tokatuko zaie. Sailkapenaren erdialdean dago Ernesto Valverderen taldea, eta gora eta behera begira dago oraintxe. Egia da azken hamar denboraldietan 41 punturekin talde bakar bat ere ez dela mailaz jaitsi, baina erabateko lasaitasunik ez da nabari Bilbon. Europan sartzea ere inoiz baino merkeago egongo da. Beraz, oraindik sasoia txukuntzeko astia badute jokalariek. Zigorra bete eta gero, Jauregizar jokatzeko moduan da berriz ere. Bestalde, azken jardunaldietan gertatu bezala, Valverdek deialditik kanpo utzi du Maroan Sannadi.
Zerbait falta izan bazaio, erregulartasuna falta izan zaio Athletici sasoi honetan. Valverdek berak ere nahi du bere zikloa ahalik eta duinen amaitu, eta irabaztea izango du xede Gasteizen. Prestatzaileak gaurko norgehiagokaren garrantzia azpimarratu du: «Egoera nola dagoen ikusita, 41 punturekin ere ezin gara lasai egon. Derbi bat izateaz gain, asko dugu jokoan. Haiek energia handia dute, eta ez dute amore ematen. Gai izan dira etxetik urrun 0-3ko partida bat iraultzeko. Gure onena eman beharko dugu». Teknikariak 500. partida zuzenduko du talde zuri-gorriaren aulkian: «Partida kopuru nabarmena da, eta behin baino gehiagotan izan dut buruan. Balio handia ematen diot, eta ardura sentitzen dut, beste partidetan bezala, jende askori esker lortu baitut hau».
Sari gehigarri bat jokoan izango dute Alavesek eta Athleticek. Izan ere, bietako batek lortuko du datorren denboraldiaurrean Euskal Herria Txapeleko finala jokatzea. Realak sailkapen hori lortuta dauka, eta gaur jakingo du zein izango duen aurkari. Alavesek aski du ez galtzea; Athleticek, berriz, irabazi beharra du final horretan parte hartzeko.
Alaves-Athletic
Alaves: Sivera; Angel Perez, Jonny, Tenaglia, Parada, Rebbach; Antonio Blanco, Pablo Ibañez, Aleña; Guridi eta Toni Martinez.
Athletic: Unai Simon; Vivian, Yeray, Laporte, Yuri; Rego, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Epailea: Quintero Gonzalez.
Tokia: Mendizorrotza.
Ordua: 18:30 (Movistar La Liga).