Euroliga garai erabakigarrian sartzear dago. Gizonezkoetan, ostegunean eta ostiralean jokatuko dute liga erregularreko azken jardunaldia. Berdintasun ikaragarria dago sailkapenean; aldagai asko daude, gehiegi, ondorioren bat ateratzeko. Postu gutxi batzuk daude argi, denak azpiko postuetan. Madarikazioa hor dago, zain. 2016-2017ko denboraldian liga erregularraren sistema ezarri zenetik, lehen sailkatuak ez du inoiz irabazi Euroliga.
Ezin ezetz esan eskaintzari
Emakumezkoetan, ordea, bihartik aurrera erabakiko da Euroliga, Seiko Finala jokatuko baitute. Zaragozak hartuko du bigarren urtez jarraian Seiko Finala. 2027an ere han jokatuko da. Bihar jokatuko dituzte final-laurdenak: 17:30ean, Girona eta Venezia ariko dira elkarren aurka, eta, 20:30ean, Landes eta Zaragoza. Turkiarrak daude zain finalerdietan: lehen kanporaketako irabazleak Fenerbahceren aurka neurtuko ditu indarrak, eta, bigarrenekoak, Galatasarayren kontra. Ostiralean jokatuko dituzte finalerdiak, biharko ordutegi berean. Finala, berriz, igandean jokatuko dute, 20:00etan. Gizonezkoetan bai, baina emakumezkoetan ez dute jokatuko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidarik. Inork ez du neurketa hori jokatu nahi.
Gertatzen dena gertatzen dela, txapeldun berria egongo da. Iaz, Pragak altxatu zuen garaikurra, baina, aurten, ez da sailkatu Seiko Finalerako. Natalia Hejkovak aulkian ez jarraitzeak uste baino hutsune handiagoa utzi du. Fenerbahcek irabazi zituen aurreko bi Euroligak, eta bide horretara itzultzeko hautagai nagusia da. Iaz, Pragaren aurka galdu zuen finalerdietan. Fenerbahceko kideek jarri zuten aitzakia nagusietako bat taldearen sasoi txarra izan zen. Duela aste eta erdi amaitu zen Turkiako Liga, eta Galatasaray hartu zuten mendean finalean: 3-0. Iazkoa berriz ez gertatzeko, Perfumerias Avenidaren aurka jokatuko dute gaur lagunartekoa, Salamancan.
Badaezpada, Europako jokalari onentsuenak izateaz gain, Fenerbahcek Breanna Stewart fitxatu du preseski Seiko Finala jokatzeko. Pentsa zer-nolako kontratua sinatuko zuen jokalari estatubatuarrak gehienez bi partida jokatzeko. Azken egunean fitxatu zuen Fenerbahcek askoren ustez munduko jokalaririk onena dena. «Inoiz ez nion ezetz esango halako eskaintza bati», aitortu zuen Stewartek. Txin-txin, diruaren hotsa.
Euskal herritarrak
Euskal herritarrak ere ariko dira Seiko Finalean. Roberto Iñiguez de Heredia Girona finalerdietan sartzen saiatuko da. Entrenatzaile gasteiztarra denboraldiko entrenatzaile onenaren saria irabazteko hautagaietako bat da. Espainiako Ligan zein Euroligan bikain aritu da Girona, baina duela bi aste kolpea hartu zuen Zaragozan jokatutako Espainiako Kopan, final-laurdenetan galdu baitzuen Perfumerias Avenidaren aurka. Jokalari asko ditu min hartuta, eta ez da garai onean iritsiko Seiko Finalera.
Zaragozak, berriz, etxean jokatuko du, eta, horregatik, finala jokatzeko hautagaitzat jo dute zenbait adituk eta jokalari ohik. Nerea Hermosa gasteiztarrak nahi baino gutxiago jokatu du iaz belauneko lesio larria izan ostean. Bigarren saiakeran lortu du Zaragozak etxean jokatzea azken fasea. Horretarako, Praga egungo txapelduna kanporatu zuten atariko kanporaketan. Zaragozako zaleek giro ikusgarria sortzen dute pabiloian, eta jendetza erakartzen dute.
Hala ere, zaila izango da Turkiako bi taldeek ez jokatzea finala. Txapelketako bi talderik onenak izan dira, eta haiek dituzte jokalaririk onenak. Lehen, Errusiako taldeek zituzten.
Etorkizuna
Batek daki zer-nolakoa izango den etorkizuneko Euroliga. WNBAk drafteko lehen postuetan aukeratu berri duen Awa Fam kataluniarrak, adibidez, Project B proiektuan jokatuko duela adierazi du. Leo Fiebich taldekideak ere bertan jokatuko du, baita Gironako izar nagusi Juste Jocytek ere. AEBetan gero eta frankizia gehiago daude, eta lan ituna adostu berri dute. Horren ondorioz, gero eta jokalari gehiago eta hobeagoak joango dira AEBetara. Oraindik WNBArako jauzia egin ez dutenek ere uda ezin hobea daukate, Munduko Kopa jokatuko baitute irailean.