Eli Pescador.
'LUGAÑENE' BASERRITIK

Amestutakoak

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Eguerdia iritsi da. Portua jendez gainezka dago. Megafoniatik musika etengabe. Kolore askotako zapi eta kamisetak soinetan. Talde guztietako ikurrinak daramatzate zaletuek. Urduritasuna sumatzen da ikusleen artean. Bat-batean, isiltasuna nagusitu da. Epaileak ikurrina jaitsi eta... ba! Estropada hasi da! Oihu zaparrada. Bakoitza bere taldea animatzen. Kuadrillakoen arteko pikeak. Ziaboga egiteko unea iritsi, eta berriro ere urduritasunak gora egin du. Maniobra ostean, erreferentziak hor daude. Ontziak azken metroetan dira. Oraindik erabakitzeko dago noren brankak gurutzatuko duen lehen postuan helmuga. Publikoaren garrasiak areagotu egin dira. Eta iritsi dira helmugara. Talde guztientzako txalo zaparrada. Ikuskizuna itzela izan da. Arranpako poz eta goxotasun besarkadak. Hori dator orain. Berriz etorri ere.

Iazko denboraldian horrelako estropadak amesten genituen ontzi barrenean gindoazen guztiek. Bi uda pasatu ditugu horrelakorik sentitu ezinik. Arraunlariok asko sumatu dugu ikusleen falta: indarrak bukatu direla uste dugunean, mareek ematen diguten bultzada, une on eta zailetan lagunen eta familiaren gertutasuna, ilusio aurpegiak...

Aurten ikusiko ditugu berriro ere kai mutur beteak, oihu biziak, animo kantak… Eta inoiz baino gehiago gozatu eta baloratuko ditugu horiek guztiak. Altxor handi bat berreskuratuko dugu uda honetan estropada eremuetan, uretan gehiago gozatzen lagunduko gaituen altxorra, lehorrean gertu sentituko duguna.

Eskerrik asko ibaiertz eta kaietara etortzen zareten guztioi! Goazen elkarrekin arraunaz gozatzera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.