Arnasa hartu beharra dago. Garrantzitsua da, baina behar baino gutxiagotan egiten da. Emakumezkoen ligak orain dauka horretarako tartea. FIBAren leihoak daude beste behin. Hori bai, arnasa hartu aurretik talde batzuk arnasestuka aritu dira. Izan ere, Europako beste liga batzuetan ez bezala, ostiralera aurreratu zuten azken jardunaldia. Hau da, Europan jokatzen duten taldeek —Lointek Gernikak, adibidez— hiru partida jokatu behar izan zituzten sei egunean.
Joerak
Beraz, ondo dator arnasa hartzeko tartea izatea. Beharrezkoa da. Baina lehiaketarik ez izateak hausnarketarako tartea ere zabaltzen du. Orain arte ez dute denborarik izan. Ez dago talderik partida guztiak irabazi dituenik, eta bakarra dago orain arteko sei lehiak galdu dituena: Kanaria Handia. Baina, batez ere lehen jardunaldietan, gainontzeko saskibaloi ligetako puntuak sartzeko gaitasuna nabarmendu da. Orain arte gehiago kostatu izan da hori egitea. 2002-2003ko denboraldiaz geroztik, ez ziren hainbeste puntu sartu batez beste partidako. Lehen aldia da 2006tik batez beste 70 puntuko langa gainditzen dena. 2019ko datuekin alderatuta, ia hogei puntu gehiago sartzen dituzte partida bakoitzean. Etenaldira arte, bederatzi taldek sartu dituzte 90 puntu edo gehiago partidaren baten.
Badirudi batez ere gizonezkoen ligetan gertatu izan den puntuen gorakada hori emakumeetara heldu dela. Aurtengo berritasun bakarra da: ACB ligan bezala, sake bizkorra jarri dute emakumezkoetan ere. Hala ere, puntuen gorakada ez da soilik arau berriagatik eta sartutako hirukoengatik gertatu. Argi dago saskibaloiaren joera eta dinamika orokorrei jarraituz, bizkorrago jokatu nahi dutela gaur egun taldeek. Horrela eman dio Ensinok inoizko hasierarik onena ligari, eta 5-1 balantzearekin dauden bost taldeetako bat da. Kontrara, badirudi Perfumerias Avenidak emanak dituela urterik onenak: XXI. mendeko hasierarik txarrena egin du, sei partidetatik hiru galdu baititu.
Denetarik
IDK Euskotren goialdeko multzo horretan dago. Tartean, lehen aldiz, Perfumerias Avenidari irabazi dio. Argi geratu da Europan jokatzea zama izan dela orain arte eta hori sufritu izan dutela. Aste barruko partidarik gabe hobeto moldatzen dira Azu Muguruzarenak. Batez ere, Josean Gaskan betidanik izandako sendotasuna berreskuratu dute, eta horrek asko balio du ligan. Etxeko partidak irabazteak beheko postuetatik aldentzen zaitu, lasaitasuna eman, eta etxetik kanpokoek gora begira jartzen zaituzte. Baina lehendabizikoa barik ez dago bigarrenik. Gainera, orain arte behintzat zortea alde izan dute, eta beste bi euskal taldeek ez bezala, ez dute min hartutako jokalaririk izan.
Hain zuzen ere, lesioak izan dira protagonista Lointek Gernika Bizkaian. Denboraldiaurrean Taylor Jonesek eta Cameron Williamsek min hartu zuten; hau da, bizkaitarrek beraien bi pibotak galdu zituzten, estatubatuarrak biak ala biak, gainera. Hori nahikoa ez, eta ligako lehen partidan Angela Salvadoresek orkatilan min hartu zuen, eta hasiera batean pentsatzen zen baino luzeago jo du. Etenaldi osterako espero dute kanpoko lerroko erreferentziazko jokalaria. Arazoa da Eurokoparekin denboraldi hasieran jokatzen direla partidarik gehien, alde handiz gainera. Hori dela eta, barneko jokorako Sara Krnjic fitxatu zuten. Ordurako partida asko jokatuak zituzten 8-9 jokalarirekin, eta pibot barik. Hala ere, 3-3ko balantzea dute ligan, eta 2-2koa Eurokopan.
Kutxabank Araskik, berriz, hasiera ezin hobea eman zion denboraldiari. Mendizorrotzan jokatutako lehen bi partidak irabazi zituzten, eta ez edozeini gainera: Perfumerias Avenida eta Gernika hartu zituzten mendean. Horrek lasaitasuna eman zion taldeari, baina ordutik lau partida galdu dituzte jarraian. Egiari zor, hemen dena esan beharra baitago, dagoeneko Valentziaren, Gironaren eta Avenidaren aurka jokatu dute; hau da, ligako hiru talde indartsuenen aurka. Noa Morro min hartuta aritu da, bi partida bakarrik jokatu ditu, eta beste jokalari batzuek ere arazo fisikoak izan dituzte. Horrelakoak are gehiago sumatzen dira gasteiztarrena bezalako lantalde laburretan. Hala ere, hemen ere formula argia da: etxean irabaztea, batez ere La Seu bezalako taldeak mendean hartzea. Horrelakoek arnasa hartzeko balio dute.