Aimar Olaizola.
Pilota. Banakako Txapelketako finala. IRITZIA

Askok uste duten baino orekatuagoa

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gaurkoa ez da ezusteko finala niretzat. Urtero esaten dugu buruz burukoan oreka handia dagoela, eta, nire ustez, hobekien ibili diren bi pilotariak iritsi dira finalera. Bi estiloren arteko borroka izango da. Irribarria pilotari luzea da, pilota urrun jartzen duena; Bengoetxea, berriz, motzagoa, baina aurrean tantoa oso azkar bukatzen duena. Apustuek beste gauza bat esan arren, nik final oso irekia ikusten dut.

Buruz burukoa da txapelketarik gogorrena, eta, egun txar batean pixka bat beherago bazabiltza, etxera zoaz. Hori pasatu zitzaigun guri, eta bi finalistek ez dute egun txarrik izan. Biak joko handiarekin daude, baina, tira, joko handiarekin ez bazabiltza ezinezkoa da finalean sartzea. Finaleko gako bat eguna izango da: bietako batek egun txarra badu, ezingo du irabazi.

Irribarriak sekulako meritua du, adin horrekin bigarren finala jarraian jokatzea... Bi urte profesionaletan, bi txapel, hirugarren finala... oso gaztea da, eta ziur nago final gehiago jokatuko dituela, asko gainera. Sekulako kolpea du. Halere, nik ikusi ditut kolpe gehiago dutenak, eta egun ere badaude, baina berak asko luzatzen du. Gaur egun, bera da kolpeari altuera gehien ematen diona. Pilotari emateko duen era horrekin pilotak altuera asko hartzen du, eta horregatik luzatzen du hainbeste pilotakada.

Bengoetxea, hala ere, oso puntu onean dago. Ez da ezustea, urteak daramatza ondo. Nik ikusi izan dut oraingo sasoian. Bera pilotari ezberdina da, gauza ezberdinak egiteko gai dena. Bere jokoa egin behar du, ez erotu: motzean jokatu, pilota mugitu... Bere eguna baldin badu eta errematean asmatzen badu, Irribarriak partida oso zaila izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.