Zutabe honetan saiatzen gara egunerokoari eusten. Hau da, modu batera edo bestera, astean behin idatzita zaila bada ere, saskibaloiaren munduan hitz egiten denari buruz idazten. Batzuetan, iragana daukagu hizpide; besteetan, berriz, etorkizuna, eta hori hurbila izan dadin saiatzen gara. Hala ere, badaude gai atenporalak ere. Eta ez bakarrik edozein garaitan atera daitezkeenak, egunero albiste txikiren bat dutenak ere badaudelako.
Argitasun gutxi
Horietako bat NBAk Europan osatu nahi duen liga berria da. Asko hitz egin da gai horren inguruan, baina aitortu beharra dago, era berean, ez dagoela ezer argi. Ezer ez diogunean, ezer ez da. Munduko saskibaloi ligarik onenak Europan lur hartu zuen duela pare bat aste. Azken urteetan munduko zenbait herrialdetan jokatzen dituzte liga erregularreko partidak: aurten, adibidez, Londresen eta Berlinen jokatu dituzte. Kasualitatea? Ez dut uste.
Adam Silver NBAko arduradun nagusiak bidaia baliatu nahi izan zuen bere liga berrirako bazkideak bilatzeko. Hau da, negozio partidak izan ziren, besterik ez. Talde askorekin elkartu zen, baina ezer gutxi atera ahal izan zuen argi. Izan ere, proiektu horretan zerbait falta bada, argitasuna falta da. Zuk zeuk, irakurle, kontu asko irakurriko zenituen, baina ondorio gutxi atera. Hemen ere ez dituzu aurkituko, egia esan. Ideia da hamabi talde bazkide izatea eta beste lau beraien kirol errendimenduaren arabera ligan sartzea. Zirku hori guztia 2027ko urrian jarri nahi du martxan NBAk.
Asko hitz egin da gaiaren inguruan, nork ez du iritzirik eman? Baina lehengora itzultzen gara: ez dago inolako ziurtasunik. Hori bai, ez da mugimendurik falta. Aurrerago jakingo dugu zer esan nahi duten. Azkena —eta horregatik gaur da eguna ate hau zabaltzeko—: zuzendari nagusi postuan aldaketa izan da Euroligan. Chus Bueno kataluniarrak Paulius Motiejunas lituaniarra ordezkatu du. Zuzendari berriak hamabi urtez egin zuen lan NBArentzat, beraz, hurbilketa mugimendu bat bezala hartu dute askok. Hain zuzen ere, haren onarpenaren alde bozkatu zuen Real Madrilek. Florentino Perezen kluba omen da liga berriarekin interes gehien duen taldeetako bat.
Eredugarri izatetik urrun
Eta hau ere ez da kasualitatea. Izan ere, Silverrek ez omen dauka argi Europan futbol talde guztiek ez dutela saskibaloi talderik. PSG, Manchester City, Manchester United edota Milanekin batzartu dira, besteak beste. Tartean, gainera, futbol jokalariak erakarri dituzte. Ulergaitza da. Silverrek berak aitortu zuen talde bazkideek dirua aurreratu beharko zutela eta txapelketa ez zela errentagarria izango lehen urteetan. WNBArekin gauza bera gertatu zen, eta orain, diru iturri bilakatu denean, jokalariek beraien eskubideak negoziatu nahi dituzte grebaren mehatxupean.
Baina Euroliga ere ez da errentagarria. Unicajako presidentearen hitzak erabiliko ditut: «Euroliga bikaina da ikusleentzat (partidarik onenak eskaintzen ditu), baina sufrikarioa jokalarientzat (egutegiak partida asko ditu), eta diru galera klubentzat (ez dira kontuak ateratzen)». Konponbide bila aipatu den beste aukeretako bat da Euroligan, NBAn bezala, konferentziak osatzea. Ideia izango litzateke 24 taldera handitzea txapelketa hori eta hamabi taldeko bi ligatan jokatzea fase erregularra. Baina ideia hori kargugabetu berri duten Motiejunasena zen. Beraz, baliteke airean geratzea.
NBAk Europako saskibaloi tradizioa urratu nahi duela diote, Euroligak egingo ez balu bezala: denboraldi honetan, Dubai taldea sartu du, Israelgo taldeak defendatu ditu eta Monako bezalako proiektuak indartu ditu, besteak beste. Saskibaloia eta beste gauza asko urratuta daude aspaldi. Baina lehiak ez du etenik, eta gaur Baskoniak Milanen jokatuko du, 20:30ean. Bigarrenez irabazi nahi du etxetik kanpo.