mikel reina
Hirukotik

Asteburu horietako bat

2026ko maiatzaren 20a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtean zehar denok ditugu asteburu bereziak, aske izateko jaioak garela aldarrikatzeko horietakoak. Nahi duzuna egiteko prest zaude asteburu horietan; bakarrik, edo agian ez. Saskibaloizaleok horrelako pare bat izaten ditugu urtean. Baimena izaten dugu horretarako. Bata Koparen asteburua izaten da, are gehiago zure taldea sailkatuta badago, eta bertatik bertara ikusteko aukera baduzu. Bestea, Euroligako Lauko Finalarena izaten da. Nahiz eta bertatik bertara ikustea zailagoa izaten den. 

Aurtengoa Atenasen jokatuko dute, ostiraletik igandera bitarte. Beraz, etxetik ikusi beharko dugu. Ostiralean jokatuko dituzte finalerdiak, OAKA pabiloian: 17:00etan hasita, Olympiakosek eta Fenerbahçek neurtuko dituzte indarrak; 20:00etan, berriz, Real Madril eta Valentzia arituko dira nor baino nor gehiago. Finala igandean jokatuko dute, 20:00etan. Aurten, lehen aldiz, ez da hirugarren eta laugarren posturako partidarik jokatuko. Horren ordez, gaztetxoen mailako Euroligako finala jarri dute. Hain zuzen, azken fasea jokatzetik gertu geratu zen Baskoniaren harrobiko taldea. 

Berez, faboritoak

Ligaxkaren lehen sailkatuaren inguruko madarikazioa aski ezaguna da. Txapelketa eredu berria indarrean dagoenetik, lehen postuan amaitu duen talde bakar batek ere ez du Euroliga irabazi. Baina madarikazioa are eta krudelagoa da. Azken hogei urteetan, Lauko Finalera garaipenen eta porroten arteko balantzerik onenarekin iritsi den taldea bost aldiz baino ez da sailkatu finalerako. Olympiakosi, adibidez, iaz gertatu zitzaion. Baina oraingoan madarikazioa amaitu nahi du. Bost urte daramatza jarraian Lauko Finala jokatzen, eta behin bakarrik sailkatu da finalerako.

Saras Jasikeviciusek, Fenerbahçeko entrenatzaileak, berriz, sei Lauko Final daramatza jarraian; hiru talde desberdinekin, gainera. Inork ez du halakorik lortu aurretik. Trajea jantzi eta aulkian eseri denetik ibilbide oparoa osatzen ari da; batek daki galtzamotzekin egin zuena hobetzeko gai izango den. 

Bai Olympiakosek bai Fenerbahçek talde indartsuak dituzte, kalitate handikoak, eta fisikoki indartsuak. Estatistikak, oro har, greziarren aldekoak dira. Ia arlo guztietan gainetik daude. Baina Lauko Finalean bestelako kontuek hartzen dute garrantzia. OIympiakos ligaxkako talderik onenetakoa izan da azken lau denboraldietan. Emaitzetan segida izan du, eta haren jokatzeko modua erakargarria izan da: baloia ezin hobeto mugitzen dute, gelditu barik, alde batetik bestera. Lauko Finaletan, ordea, gehiago kostatzen da hori egitea. Izan ere, beste aldagai batzuk egoten dira: tentsioa, bi taldeek elkar ezagutzea, urduritasuna... Fenerbahçe talde indartsua da defentsan, eta Olympiakos erasoan. 

Esperientzia

Pedro Martinezen taldeen jokatzeko modua erakargarria eta ikusgarria izan ohi da. Hala egin du Valentziak Euroligako ligaxkan. Kanporaketetan arazo gehiago izan dituzte beren jokamoldea ezartzeko. Baina gai izan dira Panathinaikos mendean hartzeko; lehen bi partidak galdu ostean, gainera. Aurretik, Euroligan, Real Madrilek baino ez zuen lortu halako balentriarik. Partizen aurka izan zen, 2023an. Kanporaketa hartan zigor gogorra jarri zioten Yabuseli, Exum jotzeagatik. 

Real Madrilek esperientzia du Lauko Finaletan; justu Valentziak ez. Taldean ez dago Euroliga jokatu duen jokalaririk. 1999an egoera horretan zen Zalgiris, eta txapeldun izan zen. Ikusgarri jokatuta egin zuen, gainera. Antzekotasunak, beraz, badaude. 

Kanpoko lerrotik erabakiko da finalerdia. Valentziak berez dauka kanpotik barrura jokatzeko joera. Hiruko jaurtiketetan oinarritzen du bere jokoa, eta beti eusten dio horri. Ez dute saskibaloia beste modu batera ulertzen, eta muturrera eramaten dute. Alde horretatik ez dute Real Madril ezustean harrapatuko. Real Madrilek, berriz, kanpotik jokatu beharko du, barrutik dituen jokalari garrantzitsuenetako bik, Walter Tavaresek eta Alex Lenek, ezingo dutelako jokatu —min hartuta daude—. Bi jokalari horien tokian jokatzeko, Real Madrilek Omer Yurtsven fitxatu du, baina ezingo du jokatu. Fitxatu zutenerako jokalarien izena emateko epea amaituta zegoen. Zazpigarren aldiz neurtuko dituzte indarrak denboraldi honetan. Orain arte, Real Madrilek lau aldiz irabazi du, eta Valentziak bitan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA