«Partida ez zait, ba, askorik gustatu, Ibai. Emozioa izan du, baina akats asko ez al dituzte egin?». Esaldi horixe bota zidan pilotazale batek finala bukatu berritan frontoian bertan. Aitortu behar dut harritu egin ninduela begirada horrek, niri ikaragarrizko partida jokatu zutela iruditu baitzitzaidan, nola irabazleek, hala galtzaileek.
Bere mailatik urrutien, akaso, Jokin Altuna aritu zen. Txapelketa ez da batere erraza izan amezketarrarentzat, ohikoa duen jokamolde ikusgarri eta jostari hori alde batera utzi behar izan baitu, ezkutuko lan gogor eta esker txarrekoan jarduteko. Atzo ere jokoz kanpo ikusi genuen momentu askotan, lagundu nahi eta ezinean; bikote urdinak hala behartuta, noski.
Joseba Ezkurdiak, aldiz, protagonismo handia izan zuen; seguru asko, berak nahiko zukeen baino handiagoa. Bikote urdinak gogotik zamatu zuen arbizuarraren lepoa (Ezkurdiak jo zituen pilotakada gehien: 228), baina hark bikain erantzun zien. Txapelik lortu ez duen arren, pozik egoteko moduan da Joseba. Inor gutxik espero zuen maila erakutsi du, eta iragarpen guztien gainetik txapelketa bikaina bete.
Txapeldunei dagokienez, batak zein besteak beren izenak idatzi dituzte pilotaren historian. Unai Laso, atzoko txapela irabazita, hiru modalitateetan txapela atera duten pilotarien taldean sartu da. Hasi eta buka txapelketa latza egin du bizkarretarrak. Lesio gogor batetik bueltan hasi zuen txapelketa, baina ez zaizkio askorik igarri, ez lesioa, ez hilabeteetako geldialdia. Oztopo guztien gainetik (kaleratze bidegabea, lesioak...) aurrera egiten dakiela erakutsi digu beste behin Unaik, berezkoa duen su eta gar horren laguntzaz. Jarrai dezala historia egiten.
Eta, bukatzeko, Jon Ander Albisu dugu, finaleko pilotaririk onena. Aitortu behar dizuet azken urteetan pilotari lotuta sortu zaidan pozik handiena sentitu nuela atzo Albisuren garaipenarekin, eta bakarra izan ez nintzelakoan nago. Ordaindu gabe zuen zorrik handiena kitatu du pilotak txapel horrekin. Bazen garaia.
Albisu txapelduna ikustean, debuta egin berri zuen Jon Ander hura etorri zitzaidan gogora, bere aita zenarekin eta amarekin frontoiz frontoi ibiltzen zen gaztea. Orduko Asegarceko kudeatzaile Iñigo Salbidea zenak zera esan zidan Albisuk debuta egin eta gutxira Logroñoko Adarragan: «Konpetentzia gogorra izango duzu horrekin!». Azkar erakutsi zuen Jon Anderrek ni ez nintzela haren konpetentzia, ni baino koska bat edo bi gorago zegoela. Urte luzez eutsi dio Asegarceko zein Baikoko atzeko koadroetako aginte makilari. Erruz eta umiltasunez egin du lan, eta zegokion lekuan egon da beti, bai kantxan, bai bertatik kanpo; bai pilotari, bai kide gisa. Pilotari eta pertsona paregabea izan da.
Eta horra hor saria: lagun, pilotazale eta kide (ohi) guztien miresmena eta maitasuna. Eta orain, txapela ere bai.
Bejondeizula, Jon Ander!