Alex Txikon
Alpinista

Athleticen eta Realaren arteko final bat nahi nuen

2024ko apirilaren 3a
05:15
Entzun

Aste berdinean, bi eguneko aldearekin, Kopako itzulerako bi finalerdietan egon nintzen. Asteartez, Realak eta Mallorcak jokatu zutenean, eta ostegunean, Athleticen eta Atletico Madrilen artekoan. Athletic finalerako sailkatu zen, eta harro diot pena eman zidala Reala ere ez sailkatzeak. Penaltietan geratu zen kanpoan, gainera. Braisek lehen zatia bukatzear zela penalti hura huts egin izan ez balu...

Dagoeneko ezin dugu ezer aldatu, ezin da atzera egin. Ezin da botoi bat sakatu, eta emaitza irauli. Baina garbi daukat: erabat penatuta nago. Bi euskal taldeak finalean ikusi nahi zituzten horietako bat naiz, inolako zalantzarik gabe. Hiru arrazoirengatik diot hori.

Lehena: pandemia garaian jokatutako Athleticen eta Realaren arteko finala publikorik gabe jokatu zelako. Egoera tarteko, partida ez zen asko bizi izan. Athletic eta Reala handi egiten dituztenak zaleak dira, eta zaleek final bat merezi zuten publikoarekin.

Bigarren arrazoia: egindako azken urteak kontuan hartuta, uste dut Realak merezi zuela baita ere finalean egotea. Oso aditua izan ez arren, ematen du ziklo aldaketa baten aurrean dagoela. Niri hala iruditzen zait, eta azken urteotan esan behar dut gehiago noala Anoetara San Mamesera baino.

Eta azkeneko arrazoia, nire ustez garrantzitsuena, honako hau da: bihotz-bihotzetik penatuta nagoela ez dugulako Sevillako Cartujako futbol zelaia bere osotasunean beteko marea euskaldun bat balitz bezala.

Gauzak ondo irteten ez direnean, euskal kirolari zein talde guztiengatik sufritzen duten horietako bat naiz; baita ere besteen arrakastengatik pozten diren horietakoa. Kirolari bezala, hainbeste bidaia egin ostean, hiru gauza nagusi ikasi ditut: errespetua, enpatia eta inor ez epaitzea. Hala, euskal talde guztiei onena opa diet, denboraldiaren azken txanpan sartuta gaudelako. Zorionak Alavesi, Osasunari eta Realari egiten ari diren denboraldiagatik.

Bigarren Mailan ere asko sufritzen gabiltza Eibarrekin, Lehenengo Mailan nahi dugulako berriz ere. Amorebietak ere, azken lau bost jardunaldietan bezala lan eginez gero, ziur nago mailari eutsiko diola. Ez etsi mutilak, eta aupa. Gure Athleticeko, Realeko eta Eibarreko neskei ere, aupa zuek.

Bukatzeko, uste dut futbolaz harago badaudela gauza garrantzitsuagoak, ikusita mundua zer bihurtzen gabiltzan. Baina gu ere Athleticekin bat gatoz, eta azkeneko finalean bezala, hor egongo gara sufritzen eta gozatzen, kirolari eta euskaltzale bezala. Inoiz baino ozenago, aupa Athletic! Aupa Mutilak! Garaipena zuena da. Munduko zarata guztiak alde batera utzi, eta irten Cartujara ondo pasatzera, disfrutatzera. Inolako presiorik gabe, baina bai tentsio puntu batekin, gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Burua beti hotz, eta bihotza beti gorri! Aupa Athletic!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.