Gaur hasiko dira Eurokopako final-laurdenak, Norvegia-Italia partidarekin. Multzoen fasean, sailkapenari begira, ez da ezustekorik izan. Salbuespena: Ingalaterra bigarren geratu dela bere multzoan. Dena den, izan dira ezusteko atseginak, baita espero bezala aritu ez direnak ere.
Ustekabeak
Antolatzailea denak, Suitzak, eman du ezustea multzoen fasean. Suitzak behar zuen belaunaldi aldaketa egin du Pia Sundhage hautatzaileak, talentua duten jokalariak ate joka zituela baliatuz.1-5-3-2 marrazkia erabili du, eta Walti erdilaria eta erdiko atzelarien hirukoa izan dira eskarmentua duten jokalari bakarrak. Zelai erditik aurrera gaztetasuna eta freskotasuna erakutsi ditu. Aurrelarien eta barruko erdilarien arteko posizio aldaketari esker, estu hartu zuen Norvegia lehen partidan. Ondorengo bi partidetan, Sydney Schertenleibek hasieratik jokatu zuen, eta horrek Suitza aldatu zuen. Ez zuen hain zuzen jokatu, baina patxada handiagoz jokatu zuen areatik gertu. Suitzarik onena ezin da imajinatu hura gabe.
Suitzak Espainiaren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Montse Tomek zuzentzen du selekzioa, eta selekzio huraxe izan da menderatzaileena multzoen fasean. Baloia Espainiak izango du, eta Suitza bloke ertainean kokatzen denean, Walti zaindu beharko dute. Suitzako erdilariek Espainiaren hegaletara salto egiten dutenean, espazio bat sortuko da euskarriaren alboetan; hor, Aitanak eta, batez ere, Alexiak erraz jaso ahalko dute baloia. Suitzaren baliabide nagusia kontraerasoa izango da. Olga Carmonaren bizkarrean aurrera egiten saiatuko da Iman Beney. 19 urte ditu, eta txapelketako ezustekoa da.

Espazioa
Italiak antzekotasun estrukturalak eta asoziatiboak ditu Suitzarekin. Espainiaren aurka 1-5-4-1 marrazkiarekin aritu bazen ere, Andrea Soncin hautatzaileak 1-5-3-2 sistema erabili ohi du. Italiak duen ezaugarririk nabarmenena zera da: haren aurrelariak osagarriak direla. Girellik eta Piemontek lan bikaina egiten dute bizkarrez, eta Cantore bikaina da espazioak interpretatzen. Aurkariaren erdiko atzelariaren eta hegalaren arteko espazioan egiten dituen haustura mugimendu motzak ezinbestekoak dira Severini eta Caruso bigarren lerrotik errematera irits daitezen. Norvegiak sufritu egiten du hor, eta Italiak hori baliatu dezake min egiteko.
Norvegiak baloia galtzen duenean, Boe Risak eta Ingrid Engenek aurrerantz egiten dute presioa. Baina atzelari bikotea motela eta zuhurra da. Ondorioz, euskarri bikoitzaren bizkarreko espazioa handitzen da, Girellik eta Cantorek, Giuglianoren gidaritzapean, hori baliatu dezakete kontraerasoan ateratzeko.
Lehen partidan apal aritu ostean, hegalera itzuli zen Graham Hansen. Haren buruz buruko jokaldiak eta geldikako jokaldiak izango dira Norvegiaren indargune nagusiak. Ziurrenik, nahikoa izango du horrekin kanporaketa gainditzeko.
Suediaren oinarriak
C multzoan Poloniak eta Danimarkak ez dute maila eman, eta sailkatu diren bi selekzioen arteko aldea argia da: Suediak oinarri sendoak ditu; Alemania, berriz, berreraikitzen ari da oraindik.
Suedia talde fidagarria da baloirik gabe. 1-4-4-2 marrazkia erabiltzen du, eta irabazi nahi badiote, aurkariek jokalarien banakako kalitatea erabili behar dute. Alemaniak lortu zuen, baina bakarrik 15 minutu. Alemaniako hautatzaileak, Christian Wuckek, egitura bat ezarri du taldeak baloia duenean. Atzealdean aritzen diren hegaleko jokalariek sakontasuna eta zabaltasuna ematen diote taldeari; erasoan ari direnak, berriz, itxita kokatzen dira, espazioak baliatu eta hausteko. Azken horrek ez dio mesede egiten. Izan ere, Klara Buhl eta Jule Brand oso onak dira baloia irekita daudela jasotzen dutenean. Horri esker, buruz buruzko jokaldiak egin ditzakete, eta horretan dira trebeak.
Suediaren jokoak, berriz, helburu bat du: bere jokalaririk desorekatzaileena indartzea. Horretarako dago pentsatuta. Rytting-Kanerydek behin eta berriz egin zion min Linderri bizkarrean. Alemaniaren atzealdeko hegalak oso goian kokatzen dira, eta, taldeak baloia galtzen duenean, arazoak izaten dituzte hainbeste metro atzera egiteko. Frantzia izango dute aurkari final-laurdenetan, kanpoko erraiak baliatuz erasoan min handien egiten duen selekzioa. Linderrek sufritu egingo du berriz ere, oraingo honetan Cascarinoren aurrean.
Suediak ez du hain erraz izango Ingalaterraren aurka. Frantziaren aurkako porrotaren ondoren, Sarina Wiegmanek 1-4-2-3-1a baztertu zuen, eta 1-4-3-3aren alde egin zuen, Toone hasierako hamaikakoan jarriz. Funtsezkoa izango da Ingalaterrarentzat zelai erdia indartzea, baloia galtzen duenean babestuagoa egoteko. Hauxe izango da final-laurdenetako kanporaketarik erakargarriena.