Urteko estropada inportanteenetarikoa —ez bada inportanteena ere— joan den ortzegunean iragan da: Kontxako sailkapen estropada. Beti berezi baino bereziagoa izaten da, urduritasun eta gogo handiz ateratzen dira traineru guziak uretara, ondoko bi igandeetan estropada historiko honen parte izatearen esperantzarekin.
Estropada honetan denak gara kontziente edozer gerta daitekeela, peto bakar batek ere ez duela barkatzen. Faborito izan ala ez, arraun egiten ez bada, ez da sartzen. Estropada honetan ez da ez maila edo liga desberdinik, sorpresa handiak egon daitezke bataren edo bestearen partetik.
Aurten ere traineru ugari segundo gutira egon gara, bai ziabogan eta bai helmugan. Baina, sailkatu garela jakitean, orduan berriz arnasten hasi gara denak, eta igandeko estropadan ofizialki pentsatzen hasi.
Ortzeguneko emozio horiek guziak alde batera utzi, eta bi egun gelditu zaizkigu lehen igandea behar den bezala prestatzeko. Egia da nerbio puntu hori entrenamenduetan ere nabari zela, eta Kontxan gehiegi ez pentsatzea ez dela beti erraza izan... Baina hara, lehen igandea iragan berri da, eta etxera zapore onarekin itzuli gara. Pisu bat gutiago!
Orain, azken astea gelditzen zaigu. Entrenamendura joanen garen aldi oro, azken astelehena, azken asteartea, azken asteazkena... kontatzen hasiko gara. Hainbat emozio nahasten dira ber momentuan, alde batetik denboraldia bukatzeko gogoa, arraunarekin mozteko eta beste bizi bat bizitzeko beharra, baina bestetik nostalgia ere bai, pertsona hain bereziekin hamar hilabete polit eta berezi horiei bukaera markatuko baitiegu.
Baina bukaera horretan pentsatu aitzin, pare bat egun gelditzen zaizkigu azken entrenamenduaz, azken palakadez eta azken-azken estropadaz gozatzeko.