Lehiaketa txar batek barrenak astindu ditzake, are gehiago arraun talde batean, non ahalegina, ilusioa eta lan nekaezina ur gainean jartzen ditugun. Espero bezala atera ez den estropada batek amorrua, inpotentzia eta frustrazioa sortzen ditu, taldean zein norbanakoan. Baina momentu horiek ezinbestekoak dira hazteko, indartzeko eta benetan nortzuk garen gogoratzeko, baita aurretik lortutako lorpenei balioa emateko ere.
Asteburu txarrek min egiten dute, baina beti dator aste berri bat, aukera berriekin. Astindu baten ondoren, talde gisa elkartzeko garaia da: elkarri begiratu, hitz egin, barruak hustu eta sentitzen duguna partekatu. Ez da lan erraza izaten, baina bai ezinbestekoa. Talde bateko giro onari eustea erraza da irabazitakoan, aldiz, galdutakoan elkarri helduz aurrera egiten dakitenek dute meritu handia; horiek ongi ulertzen dute zer den talde lana.
Arraunean ez ditugu palak bakarrik mugitzen; bihotzak, sentimenduak eta konfiantza partekatzen ditugu ontzian. Elkarrekin egiten diogu aurre olatu bakoitzari, uretako olatu eta baita bizitzan gainditzeko ditugun traba askori ere. Elkarlana eta maitasuna dira gure motor nagusiak, eta horien bidez gaindituko ditugu momentu gaziak, momentu gozo berriak sortzeko.
Beste aste bat hasi da. Ez dugu aurrekoa ahaztu behar, baina ez gaitu kateatu behar. Egindako akatsetatik ikasi, elkarri heldu eta bihotzak ontzian sartuta bagoaz aurrera. Hau da gure bidea, eta indarrez egingo dugu arraun, gure bertsio onenaren bila aurkariei aurre egiteko asmoz.