ANTXERRITIK

Baietz asmatu

Jon Ander De la Hoz.
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Neguan onartutako jardunaldien erdiak igaro dira Eusko Label eta Euskotren ligetan —azken horren kasuan, kanporaketak kontatuta—, baina bestelako egoeran daude bi txapelketak, talde bakoitzak irabazitako bandera kopuruari dagokionez.

Emakumezkoen ligan oreka agerikoa den bitartean, gizonezkoen lehian itxura du Urdaibaik aurrerako urratsa egin duela, azken bost estropadetatik lau irabazita eta azken jardunaldian garaipen kutsuko emaitza lortuta.

Haatik, bada datu bat aurtengo aldiaz haragoko hausnarketa egiteko modua ematen duena. Ibon Gaztañazpik larunbateko ETBren emankizunean zorrotz adierazi moduan, Getxokoa izan zen bermeotarren 92. garaipena maila nagusian. Hala, Hondarribia berdindu zuen garaipen kopuruaren sailkapen historikoan, nahiz bidasotarren igandeko lorpenak berdinketa hori hautsi, 93. eskuratuta.

Ez dira azaleko datuak. Eusko Label ligako estatistiken arabera, Orio da hirugarren onena sailkapen horretan, 47 garaipen erdietsita. Lehendabizikoaren erdiak, ia-ia. Esanguratsua da, Mirotz-en ahala eta egonkortasuna ez baita gorabeheratsua. Sailkapen horrek beste hautsia du, gainera, Orioren segidako Kaiku (33), Castro (31) eta abarren kopuruetaraino.

Estatistikek agerian utzi dute Hondarribiak eta Urdaibaik ligaren sorreratik gaurdaino izan duten jarraitutasuna eta distira. Zer esanik ez sasoi guztietan aritu diren talde bakarrak izanda -gertu dute Orio, urte bakarra galduta-. Aurrera begira, esango nuke aurki ailegatuko direla hiru zifretara. Baietz asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.