Irudizko taberna batean utzi nituen Izagirre, Aranburu eta enparauak. Neu sartu naiz orain Zarauzko Iñurritza auzoko taberna batera, bosgarren etapa ikusteko asmotan. Bestelakoa nuen gogoa, lagunekin eta alabekin lasterketa Urkaregin zuzenean ikustekoa; alegia, duela lau urteko esperientzia gogoangarria birbizitzekoa. Erorikoa izan ostean, Ion izagirrek irabazi zuen orduko etapa. Geroztik, gure alabentzat Ion guztiak dira txirrindulariak, eta erori ostean jaikitzen dakitenak, gainera. —Berdin gertatuko ote da gaur? Hau idazten ari naizela aurrerantz egin dute Ixuan Lipowitzek eta Seixasek; eskerrak bidean Krabelin bat jarri dieten txirrindulariei, bestela, Kalbario, Trabakua eta Izua baitzituzten gainditu beharrekoak—.
Txirrindularitzaren zale-edo dira geroztik alabak, baina beti daude lehentasunak. Galdetzeak hori dakar, batzuetan espero (edo nahi) ez duzun erantzunak jaso ditzakezula. Zer nahiago duzue, mendira ala hondartzara? Galdetzea ere, aitatxo... Eta horrela bukatu dugu, bainu frexko bat hartzen aurrena, eta Indurainek orduko errekorra bete zuenekoa (1994ko uda) ikusi nuen taberna berean lasterketa ikusten ondoren. Txankleta zarpail batzuk oinetan eta toalla sorbalda gainean, taberna mukuru zela, hala oroitzen dut egun hartakoa.
Egun, tabernek ez dute orduko sonarik, eta ez dira aterpetxe ere. Orduko jabeek aspaldi utzi zuten negozioa. Hiruzpalau gara gaur etapa ikusten eta entzuten. Azken bi kilometroetan baino ez dute igo telebistaren boza. Fermin Aramendiren ahotsik ez da.
Lagunak Urkaregiko gainetik bidali dit argazkia, Seixas eta Lipowitz bertatik igaro direnean.